Intza GARTXITORENA URDANPILLETA

«Ttikiek baserri eskolatik eramaten duten irribarrea ikustea ederra da»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 20a, 11:00

Intza GARTXITORENA URDANPILLETA, Berroetako gaztea

Natura da Intza Gartxitorena Urdanpilletaren zaletasun nagusia (Berroeta, 1995) eta hori du ogibide azken bortz urteotan.

Ilundain Fundazioak duen baserri eskolan lan egiten du, hegazti, behi, zaldi, untxi, txerri, ardi, ahuntz, erlauntz... artean.

Ingurumen-hezitzailea

Udan, kanpaldietan, hasi zen eta, gerora, ikasturtera zabaldu zitzaion eskaintza: «udalekuetarako hasi nintzen eta gero ikasturteetan eskoletako ateraldietarako...».

Haur eta gaztetxoen ingurumen-hezitzailea da Gartxitorena eta bere lana «animaliak zer diren eta zer ematen diguten» erakustea izan ohi da: «errate baterako, dendetan erosten diren esne kaxen gibelean dagoen lana ikusarazten diegu, dena ez dela erraza ikusteko eta nekazaritza zein abeltzaintza estima dezaten».

Parte-hartzaileek hamaika ekintza izaten dituzte aukeran: «baserria baino gehiago da, baratzea, gari soroak, mintegia, basoa... bisitatzeko aukera ematen du, eurek parte hartzeko ekintzak egiten ditugu (baserriko animalien zaintza, baratzean lan egin, txangoak, ogia, taloa... egin) eta nahi izanez gero bertan lo egiteko aterpetxea ere izaten dugu. Hilabete bakoitzeko programazioa webgunean dugu eskura».

Ingumenaren zaintza eta defentsa helburu

Txoko batean eta bertzean jarduera andana izaten dituzte, baina guztiak hiru helburu zehatzi lotuak izan ohi dira: «batetik, gizartea landa eremuetara hurbiltzea; bertzetik, gizartearen garapen ereduak sortzen dituen arazoez (gehiegizko kontsumoa, aldaketa klimatikoa...) jabetzea; eta azkenik, norbanako eta gizartearen kontsumoa zabaltzea, ingurumena zaindu eta defendatzea».

«Haurrek ez garela ikasiak sortzen erakusten dute»

Intza GARTXITORENA, ingurumen-hezitzailea

Haur, gazte eta helduendako jarduerak

Orain artean bereziki ikastetxeei zuzendutako programak kudeatu izan ditu baserri eskolak: «Haur Hezkuntzatik hasi eta goi mailetara bitarteko ikasleak izan ditugu». Baina, horrez gain, «adinekoen elkarteendako eta familiendako ere» lan egiten dute.

Ikasturte honetan, erraterako, birusa tarteko, eskoletako irteerak dezente murriztu zaizkienez, familientzako egun-pasak bultzatzeko lanean ari dira: «eskola aunitzetan ateraldirik gabeko ikasturtea da aurtengoa, bakarren bat etorri da, Erdi Mailak batez ere... Hala ere, ez dira aunitz izan. Eta, ondorioz, bertzelako bideak garatzen ari gara».

Familientzat asteburuetan irekitzen dituzte ateak, eta beraz, lana astegunetatik asteburuetara aldatu zaio Gartxitorenari: «aurten ateraldiak gehienbat asteburuetan izaten direlako». Astegunez, berriz, bertzelako lanak egiten dituzte: «txorientzako habiak egitera joaten gara edo txoriei eraztunak paratzeari, janariari, zuloen arabera hurbiltzen diren txoriei... buruzko ikastaroetara, etengabe ikasten aritzen baikara».

Egunero haurrei erakusten eta haurrengandik ikasten

Hala ere, bai lehen baita orain ere, baserri eskolan egun bakoitza berezia izaten da bisitarientzat eta horren lekuko dira «haurrek hemendik eramaten duten irribarrea» Gartxitorenaren ustez: «hasieran beldurka ibiltzen dira, baina gero eta gehiago hurbiltzen dira, animaliez gozatzeraino».

Ez da gutiagorako ttikienek berroetar gazteari egiten dioten ekarpena: «haurrek egunero-egunero erakusten digute ez garela dena ikasita sortzen, eta gu gerone ere egunero ikasten ari garela».

Naturaz gozatu, ernatu

Ez dira garai onenak eskolaz kanpoko jardueretan lan egiten ari direnentzat. Hala ere, badirudi naturak eta espazio irekiek azken boladan indar handia hartu dutela eta hor inon baino seguruago egon gaitezkeela. Hori horrela, haurrek behar duten gozamenerako txoko egokia izan daiteke baserri eskola.

«Geroz eta gehiago behar dut herriko lasaitasuna»

Intza GARTXITORENA, ingurumen-hezitzailea

Gartxitorenak berak ere halaxe uste du eta konfinamenduan eta pandemiak eragindako egoera honetan lehendik ere naturarekin zuen harremana sendotzearen alde egin du: «Elizondon bizi naizen arren, Berroetan denbora aunitz pasatu dut».

Etxea ez ezik, lagunak eta «aitaren ahuntzak, oiloak, txakurrak...» bertan ditu Gartxitorenak. Eta, horrez gain, sorterriak «lasaitasuna» ere ematen dio: «geroz eta gehiago behar dudana eta Elizondok geroz eta gutxiago duena».

Mendiz mendi eta txokoz txoko natura arnasten eta natura ernatzen segitzeko, eskuetan makilak dituela ere ikusiko dugu han eta hemen Gartxitorena: «mendiak eta animaliak ez ezik txalaparta ere nire zaletasunen zerrendan dago eta».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun