Erdizko meategiaren proiektuaz

Nekazariekin biltzeko Magnak egindako eskaera onartu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 2a, 19:00

EH Bilduren ustez, «Magnak eskatutako alde bakarreko iniziatiba da eta udalak ez du halakoan parte hartzen ahal».

Otsailaren 25ean egindako osoko bilkuran udalbatzak Navarra Suma, Ezkerra eta Geroa Bairen aldeko 7 botoekin, Magnak egindako eskaera onartzea erabaki zuen. EH Bilduk kontra bozkatu zuen, 6 boto. Magnak udalaren laguntza eskatu zuen Erdizeko ahalbideei buruzko bere proposamena bazkalekuko erabiltzaileei erakusteko, eta aurkezpen horiek elkarrekin egitea.

EH Bilduk kontrako botoa eman zuen. Koalizio abertzalearen ustez, Erdizi buruz Magnarekin edozer egitekotan, multinazionalak herri-galdeketa loteslea aitzinetik onartzea beharrezkoa da. EH Bilduren erranetan, Magnak eskatutakoa alde bakarreko iniziatiba da, eta udalak ez du halakoan parte hartzen ahal. Udalaren lana beharko luke gaia demokratikoki erabakitzeko ibilbide orria finkatzea, herri-galdeketa loteslea azkeneko mugarria izanen duena. Eta horren arabera, eztabaidarako eta informazioa emateko hitzorduak antolatzea. EH Bilduren ustez, hori guztia Batzar Nagusitik bideratu beharko litzateke, Erdizekoak herri-lurrak direlako.

Gainerako udal taldeak Magnaren proiektua ezagutzeko beharrezkoa den informazio guztia izatearen alde agertu ziren, baina ez zuten beharrezko ikusi enpresak erreferendumaren inguruan aldez aurretik konpromiso bat hartzea, baina etorkizunari begira, Geroa Baik eta Baztango Ezkerrak ez zuten aukera hori baztertu.

Duela hilabete bat inguru, enpresaren ordezkaritza bat Batzar Nagusiko hainbat kiderekin batzartu zen Erdizko harrobi-proiektuaz hitz egiteko, «Erdizko inguruetan abeltzaintza estentsiboa sustatzeko» duten proposamena azaltzeko. Adierazi zutenez, Magnaren helburu nagusia «Erdiz erabiltzen duten abeltzainekin eta bertze interes-talde batzuekin proposatutako neurriak alderatzea da, izan daitezkeen kezkak edo gomendioak zuzenean ezagutzeko, eta proiektuan txertatzeko».

Magnesitas Navarras-ek Erdizekin duen interes berrituak mesfidantza eta ezinegona piztu du hainbat baztandarren artean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun