8.590.299 euroko aurrekontu orokorra onartu du Baztango udalak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko mar. 2a, 12:00
Elizondoko Zahar Etxea berritzeko proiektua idazteko 197.000 euroko kontusaila izanen da aurten.

Zahar Etxea berritzeko proiektua idaztea, mendiko lanak eta Erratzuko eskolako jangela handitzea dira inbertsio nagusienak

Martxoaren 2an, astearte goizean egin den ez ohiko osoko bilkuran 2021eko aurrekontua onartu du Baztango udalak, EH Bilduren eta Ezkerraren 7 bozkekin, Navarra Sumaren aurkako 3ekin eta Geroa Bairen abstentzio batekin. Aurrekontu orokorrak Udalaren, Ikastolaren eta Zahar etxearen aurrekontuak biltzen ditu, 7.706.446, 855.700 eta 131.153 eurokoak hurrenez hurren. Giltxaurdi enpresa publikoarena bereizirik da, eta aurtengoa 397.299 eurokoa izanen da.

Aurtengo aurrekontuetan Covid 19ak eragin nabarmena izan du eta hori gastu arruntean ikusi da, eskoletako garbiketak indartzeko kontusaila 58.700 igan baita  eta Giltxaurdiko abonuen jeistea orekatzeko 35.400 euro gehiago erabiliko baita.

Bertzalde, gastu arruntean eragin handia izan duen bertze kontusaila karriken garbiketa eta hondakin organikoaren bilketarena izan da, iaz esleipen berria egin zen eta 76.885 euroan handitu da.

Gainerakoan gastuen eta sarreren egitura berdintsu mantendu da eta hortik inbertsiotarako tartea finkatu da. Aurten denera 781.878 euroko inbertsioa eginen da, horretarik %58,40 Nafarroako Gobernuak finantziatua, 456.590 euro hain zuzen; gainerako 325.288ak udalaren aurrezki garbiaren kontura eginen da.

 

Zahar etxea berritzea

Inbertsio aipagarrienen artean zahar etxea berritzeko proiektua idatzi ahal izateko 197.000 euroko kontusaila izanen da. Bertzalde, Erratzuko eskolako jangela handitzeko 80.000 euroko aurrekontua dago. Herri horretan ere bai uraren biltegian premiazko lanak eginen dira 41.000 euroko aurrekontuarekin. Mendiko lanetan 166.200 euroko inbertsioa eginen da eta udalaren eraikinetako galdaretan  8.350 euro. Modu berean ostatu turistikoen arauketa egiteko 22.000 euroko aurrekontua erabiliko da eta turismo erreserba eta kudeaketarako plataforma egiteko 8.000. Plataforma horrek Xorroxingo gehiegikeriak mugatzeko balio beharko luke. Eskoletako lanetan urtero bezala 48.000 euro inguru inbertitutako da.

Bertzalde, zorpetzearen maila sarrera arrunten %45,66ko da, legeak finkatzen duen %110eko mugatik urrun.

Aurrekontuei hasierako onespena emanda aldizkari ofizialean argitaratu ondotik hamabortz egunez jendeen aitzinean egonen dira, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Ondotik behin betiko onartuko dira.

Martxoaren 2ko bilkuran 2021eko udaleko plantilla organikoa ere onartu da.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun