Baztango Udalak sua itzaltzen lagundu zuten guztiak eskertu nahi izan ditu

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 1a, 15:00

Suek lau borda, landaketak, kapetatutako haritz zaharrak, gaztaindoak eta lizarrak ere kiskali zituzten.

Otsailaren 19an, 20an eta 21ean «nahita piztutako suteek» 500 hektarea inguru erre zituzten Baztanen. Udalak jakinarazi duenez, Otxaskon,  Alkurruntz-Betarten, Itzulegin eta Gorospilen izandako suek lau borda, landaketak, kapetatutako haritz zaharrak, gaztainondoak eta lizarrak ere kiskali zituzten.

Hain justu «haize handiarengatik alerta horia iragarria» zen egunetan izan zen sutea. Udalak ekintza hori gaitzetsi du: «ohartarazpenei kasurik egin ez, eta haize handiko egunean baimenik gabe suak piztu zituzten, ahalik eta kalte handiena egiteko asmo bakarrarekin».

Piztutako suen ondorioz, Oronozko suhiltzaileen parkea «langilerik gabe» utzi zuten, «sor zitezkeen bertze larrialdiak ezin artatuz». Horren aitzinean udalak «mendietako bazkak iraunarazteko, baimendutako suak» egiten direla argitu du, «aitzineko egunetan Antzabalen, Maulitxen eta Larrakaitzen egin ziren bezala, suhiltzaileen, mendizainen, EPRIFeko langileen eta nekazarien laguntzarekin».

Horiez gain, «ondoko egunetarako, baldintza klimatikoek utzi ahala, bertze zenbait erreketa programatuak daude». Euren hitzetan «hori da suak egiteko bidea» eta otsailaren 19ko asteburukoak «gaiztakeria hutsez egindakoak dira, axolarik bat ere gabe, alimaleko arriskua» sortu zuten.

Udalak ekintza horiek gaitzestearekin batera, «dakarten arriskua eta ingurumenean eta ondarean sortzen duten kaltea» salatu ditu eta, bide batez, sua itzaltzen lagundu duten guztiak eskertu nahi izan ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun