Ezohiko zuhaitzaren eguna ospatu du Baztan Ikastolak

Fernando Anbustegi 2021ko ots. 26a, 15:00

Bailegiko landaketa gunean intxaurrondoak landatu zituzten igandean.  Argazkiak: Fernando Anbustegi

Ezohiko urtea eta ezohiko egoeran bada ere, urtero bezala Baztan Ikastolako Guraso Elkarteak antolatuta zuhaitzaren eguna ospatu zuten joan den igandean ikastetxeko hainbat ikasle eta gurasok. Jende pilaketak ekiditeko bi txandatan hurbildu ziren Bailegi inguruko landaketa gunera.

Azken bi urteetan gaztainondoak landatu zituzten, baina aurten, aldatzea erabaki eta intxaurrondoak landatu erabaki zuten. Familiaka banatu ziren eta bakoitzak bere zuloa egin eta 3 metro inguruko zuhaixkak landatu zituzten. Lana akituta normalki gosaria egiten badute ere, aurten, segurtasunagatik, ez zen halakorik izan eta lanak burututakoan bakoitza bere aldetik joan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun