Sukaldaritza ikastaroa eskainiko dute Lekarozen

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 2a, 20:00
Ostalaritzan esperientzia dutenei bideratutako ikastaroa izanen da.

Nafar Lansarek antolatuta, Lekarozko aterpean 215 orduko sukaldaritza ikastaroa emanen dute martxoaren 15etik maiatzaren 28ra.

Hilaren 15ean hasiko dira eta maiatzaren 28ra arte goizez bilduko dira, 09:00etatik 14:15era. Tartean, martxoaren 19a eta apirilaren 1etik 11ra ez dute saiorik izanen. Parte- hartzaileek kozinatzen ikasteaz gain, sukaldaritzaren bertze alderdi batzuei (catering-ei) buruzko jakintzak eskuratu ahal izanen dituzte. Eta, horrekin batera, lan arriskuen prebentzioa, genero berdintasuna eta informatikaren erabilera landuko dute.

Ostalaritzan esperientzia dutenei bideratutako ikastaroa izanen da eta langabetuek lehentasuna izanen dute. Hortaz, lanean ari direnek eta ikastaroa egin nahi dutenek enplegua hobetzeko programan izena emanda egon behar dute. Informazio gehiago nahi dutenek Nafar Lansareren webgunean edo 676 35 08 52 telefonora deituz eskuratu ahal izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun