Imanol Juanikotena Taberna

«Herrian auzolana indartzea gustatuko litzaidake»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 28a, 10:00
Imanol Juanikotena elbetearra izanen da alkate ondoko bi urteetan.

Imanol JUANIKOTENA TABERNA, Elbeteko alkatea

Azken bi urteetan alkate izan den Xabier Urreagari lekukoa hartuta, Imanol Juanikotena Taberna (Elbete, 1988) izanen da ondoko bi urteetan Elbeteko alkate.

Orain arteko taldeak egindako «lan bikainari» segida eman eta «inguruak txukun mantentzeko, herrian dauden edo sortzen diren beharrei erantzuteko eta eskaerak bideratzeko» ardura izanen du Juanikotenak.

Zaila izan da alkate izateko pausoa ematea?

Aitzinetik egina zegoen zerrenda akitu zenez, bertzeren bat behar zen segida emateko eta hutsik ez gelditzeko. Norbaitek hartu behar zuen kargua... Saltsa gustatzen zaidanez eta lehendik laguntzen aritu izan naizenez, animatu egin nintzen. Ez naiz hutsetik hasiko, esku bat botatzen ibili izan naizelako. Aitzinetik hor zebiltzanak laguntzeko prest daudela errana didate...

Lau urtez batzar nagusian ordezkaririk gabe egon zen herria, baina orain segida ikusten da...

Garrantzitsua da Baztango Udalera herritarren eskaerak ailegatu ahal izateko alkate bat izatea... Alkaterik gabe egotea azkena da eta norbaitek egin behar du. Nire kasuan, autonomoa naiz, kamioilaria naiz eta lanordu aunitz izaten ditut, baina ahal dudan guztia egiteko prest nago. Bi urteren buruan bertze norbait sartzea espero dut.

Zein izanen dira zure egitekoak bi urte hauetan?

Herri ttipia izanik lan kargak ez du Elizondon, Iruritan eta bertze herri kozkozkorretan izaten denarekin zerikusirik.  Uren aferak sortzen du lan gehien, kontagailuak begiratu behar dira hiruhilabetero eta... Horrez gain, auzolanak, elizako kontuak... izaten dira eta kargudunekin moldatzen gara. Batek bakarrik egiteko lan gehiegi da baina, elkar lagunduz gero, denen artean aisa egiten ahal den lana da.

«Elkarlanean herria ongi manten dezakegu»

Imanol Juanikotena Taberna, Elbeteko alkatea

Auzolan aunitz egiten dituzue?

Ez, arras guti, lehen gehiago egiten ziren, orain, berriz, urtean behin bakarrik. Gehiago egitea nahi nuke, baina jendeak ez du gogorik. Baztanen, orokorrean, bideak, pistak... hesten ari dira eta udalak ezin ditu denak bere gain hartu. Horiek garbitzeko eta zaintzeko auzolanak behar dira, indartzen saiatu nahiko nuke. Orain bi urte saiatu ginen horrekin, beti betikoak elkartzen garelako. Baina zaila da... Ea gazteak gehiago hurbiltzen diren eta herriko kontuetan sartzen diren, horretarako talde bat osatu nahian ari naiz.

Bestetan zereginik izaten duzue?

Bestak gazteek antolatzen dituzte, herritarrok kioskoa muntatzen eta herria apaintzen laguntzen diegu, baina bertzerik ez.

Zer behar ikusten dituzu herrian?

Pistak hormigoitzeko eta kanadar pasabide batzuk jartzeko beharra dago. Karretera gainean gaude eta azienda ateratzeko arriskua dago. Dirurik ez dago eta zaila da baina eskatu eskatuko dugu...

Zer helburu duzu ondoko bi urteetarako?

Orain arte taldeak egin duen lanari segida eman nahi nioke. Herria mantendu eta herritarrak egindako lanarekin kontent egotea nahi nuke, ahal den neurrian lagunduko dut. Azken batean, badira gure esku ez dauden gauzak, Baztango Udalaren menpe gaude eta... 

«Azken urteetan gazteak ez dira herrian gelditu eta pena da»

Imanol Juanikotena Taberna, Elbeteko alkatea

Egunerokoan, herrian bizia sumatzen da?

Azken urteetan beheiti egin du, etxeak husten ari dira eta gazte aunitzek kanpora jo dute. Aziendarekin ez dute lanik egin nahi eta Iruñera joaten dira lanera. Ni gaztea nintzelarik, aise azienda gehiago zegoen herrian baina bizimodua aldatu egin da eta gazteek kanpora jotzen dute lan bila. Egunero joan-etorri ibiltzea ez da erosoa, eta, beraz, han gelditzea erabakitzen dute.

Herrian gelditu nahi dutenendako, etxebizitza aldetik, aukerarik bada?

Bai, saltzeko etxebizitzak badira. Hala ere, egia da etxe aunitz zaharrak eta haundiak direla. Gazte bakar batek hutsetik egiteko zaila da, haundiegiak dira...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun