Suak bi borda erre ditu asteburuan Amaiurren

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 22a, 15:30

«Zinez, urteetan ez dugu atzenduko egun hauetan gertatutakoa». Halaxe adierazi dio Isabel Aleman Irungarai Amaiurko alkateak TTIPI-TTAPARI. Ortziralean Alkurruntzen eta larunbatean Kantorneko mendian piztutako suteen ondorioz, bi etxola erre ziren Amaiurren.

Amaiurko alkatearen arabera, «sua ortzirale gauean Alkurruntz aldean hasi zen eta hurrengo orduetan Betarte eta Larroraino hedatu zen». Kantorneko mendiko sua, berriz, larunbat ilunabarrean hasi zen. «Kantorne inguruko sua piztu zutenean, egileak ongi aski bazekien zein egoeratan ginen momentu horretan. Izan ere, Kontorneko eremu hau Alkurruntz parean dago».
 
Nafarroako suhiltzaileak, larrialdietako unitate militarreko kideak (UME) eta inguruko herritarrak ibili ziren suaren kontra, baina Alemanen hitzetan, «ezin deus egin erre ziren bi etxolak ez erretzeko». Kaltetua izan den etxola bat «Astoiko errekan dagoen Delgaineko Erdiko Borda» da, «Betarte eta Larro tartean». Bertzea «Itzulegi alderdian, Kantorneko mendian» dago. Hain zuzen, bigarren borda hori «Bigarren Mundu Gerran parakaidista ingelesendako sortutako iheslari sareak, Cometé sareak, erabiltzen zuen etxola zen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun