Otsailaren 11n, ortzegun eguerdian egin dute lehiaketaren aurkezpena Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxeko ganbaran. Juan Kruz Iriarte udal zinegotziarekin batera, Fermin Barazabal abeltzaina, Cederna-Garalurreko Marian Zestau eta Patxi Aranguren, Aspinako idazkaria izan dira aurkezpenean.
Argazkiak aurkezteko epea ekainaren 18an (ortziralea) 14:00etan akituko da. Eskura aurkeztu daiteke Baztango Udalaren bulegoetan (CD, DVD edo pen-drive batean) edo posta elektronikoz baztan@baztan.eus helbidera igorrita (2 MB gehienez). Parte-hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkezten ahal ditu gehienez ere, berak egindakoak eta argitaratu gabeak. Argazkiak behi piriniotarraren eremu naturalean ateratakoak izan behar dute eta soilik formatu bertikalean aurkez daitezke. Aspina elkarteko ordekari batek, bi abeltzainek, argazkigintzan aditu batek eta Baztango udal zinegotzi batek osatuko duten epaimahaiak hiru argazki onenak sarituko ditu 400, 200 eta 100 euroko sariekin. Horretaz gain, lehen saria lortzen duen argazkia kartelean eta liburuxkaren azalean agertuko da. Bertzeak , aipatu liburuxka horretan eta behi-azienda lehiaketaren publizitaterako baliabideetan ere erabiliak izan daitezke. Sari-banaketa Piriniotar behi-azienda lehiaketaren egunean eginen dute.