Buruz buruko pala txapelketako lehen kanporaketa ortziralean jokatuko du Xabi Ibargarai erratzuarrak

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 11a, 14:00

Xabi Ibargarai palista erratzuarra pilota astintzen. Ortzirale arratsaldean jokatuko du buruz buruko pala txapelketako lehen partida. Argazkia: Innpala

Gordon izanen du arerio Bizkaia pilotalekuan eta irabazlea finalerdietako ligaxkarako sailkatuko da

Xabi Ibargarai erratzuarrak buruz buruko pala txapelketako lehen partida jokatuko du otsailaren 12an, ortziralean 18:30ean Bilboko Bizkaia pilotalekuan hasiko den jaialdiko lehen partidan. Gordon izanen du arerio eta irabazleak finalerdietarako ligaxkarako sailkatzea lortuko du. Bigarren partidan, hau ere txapelketakoa, Necol eta Ibai Perez izanen dira aurrez aurre.

Txapelketa hasia

Buruz buruko pala txapelketan bederatzi palista hasi ziren. Lehenbiziko partida Ibarguren eta Del Riok jokatu zuten. Ibarguren irabazleak Gaubeka gaur egungo txapelduna zuen esperoan final laurdenetan eta, pronostikoa betez, Gaubekak lortu zuen finalerdietarako ligaxkarako lehen txartela (3-1). Final laurdenetako bigarren partidan Fustok 3-0 irabazi zion Urrutiari.

Finalerdietako ligaxkako lehen partida otsailaren 20an

Finalerdietako ligaxka otsailaren 20an, 27an eta martxoaren 6an jokatuko dute eta final handia eta hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko lehia martxoaren 13an.

Finalerdietako ligaxkako lehen partidak otsailaren 20an, larunbatean 17:00etan jokatuko dituzte Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Lehenbiziko partida erabakia dago eta Gaubeka eta Fustok, bi pilotari historikok, jokatuko dute elkarren kontra. Bigarrenean, ortzirale honetako irabazleak ariko dira nor baino nor gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun