Lantz eta Oronoz-Mugairi artean N-121-A errepidea egiteko desjabetzeak premiazkotzat jo dituzte

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 11a, 08:00

Nafarroako Gobernuak asteazkeneko bilkuran jo zituen premiazkotzat Lantz eta Oronoz-Mugairi arteko desjabetzeak.

2+1 bihurketaren zatirik luzeena den hirugarren tarte horren desjabetzeak egiteko, guztira 627.540,10 euro erabiliko dira

Nafarroako Gobernuak otsailaren 10eko bilkuran, premiazkotzat jo du N-121-A errepidea 2+1 bide bihurtzeko hirugarren zatiaren lanak egiteko kaltetutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea. Jarduteko tarterik luzeena da, Lantz ingurutik hartzen duena (22,5 Km) N-121-B errepidea banatu aitzineko bidegurutze ingururaino, Oronoz-Mugairi parean (40,9 Km). Lizitazioaren prezioa 15,3 milioikoa izanen da.

Eraginpeko ondasun eta eskubideak eskuratzeko, 627.540,11 euroko gastua ezarri da, 2021erako gastu-aurrekontuari dagokiona. Neurri horrekin, Nafarroako Gobernuak arindu egin nahi ditu errepidea zabaltzeko izapideak, aste honetan bertan hasi baitituzte hobekuntza lanak.

N-121-A errepidea 2+1 bide bihurtzeko bultzada

Izapide hori N-121-A errepidea 2+1 bide bihurtzeko proiektuaren barrenean sartzen da eta haren azken helburua errepide horren bide-segurtasuna hobetzea da, 70 milioi euroko aurrekontuarekin. Ezkabako tuneletatik Olaberaino doan eta udazkenean bukatzea aurreikusten den lehen zatiaren lanak astelehenean hasi zituzten.

Gogoratu behar da 2+1 errepideak noranzko bikoitzeko bideak direla eta hiru errei dituztela erabilgarri. Erdiko erreia norabide batean edo bertzean aitzineratzeko errei gisa erabiltzen da, txandaka, kilometro bateko luzera inguruko tarte erregularrekin eta zirkulazioaren kontrako noranzkotik bereizita une oro, gainditu ezin den mediana jarraitu baten bidez (oztopo fisikoarekin edo gabe) modu eraginkorrean bereizita baitago.

2+1 tipologia nazioartean aztertutako irtenbide bat da eta honako abantaila hauek ditu: kontrako noranzkoan zirkulatzen duten aitzineratzeen % 100 kentzen ditu, ibilbideko bana bertzeko abiadurari kalterik egin gabe; modu esanguratsuan murrizten du aurrez aurre talka egiteko arriskua, aitzineratzeak argi eta garbi egiten baitira; eta ez du dei-efektu handirik eragiten trafiko astunarentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun