Ainhoa Goñi Ormat

«Betiko gazta egungo osasun baldintzetara egokituz egiten dugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 14a, 12:00

Ainhoa GOÑI ORMART, Agorleku gasnategikoa

Idiazabal gasnen merkatu zabalean, Ainhoa Goñik (Elizondo, 1978) eta bere familiak mimoz landutako Agorleku etiketadun gazta izanen da aukeran martxotik aitzinera. Orain arte «etxerako» egiten zutena merkaturatzeko prestatzen aritu dira hondarreko bi urteetan eta plazarako pausoa emateko prest daude dagoeneko.

Familiaren sustengua

Baserri mundua ez da arrotza Ainhoa Goñi eta bere ingurukoentzat: «nire amak ahuntzak ditu, eta senarraren familiak ardiak». Azienda etxeko atarian izanagatik, Goñik, berriki arte, abeltzaintzarekiko lotura handirik ez du izan. Enpresa batean 20 urtez lanean aritu ondotik, «aldaketarako beharrak» bideratu zuen baserri mundura elizondoarra: «orain bi urtera arte, hau da, artaldea handitu genuen arte, lan horietan ez nintzen gehiegi ibiltzen». Pixkanaka artaldea handitu eta 160 buru inguru zituztelarik, hasi zen hurbiltzen: «ordura arte esnea saldu egiten genuen eta momentu horretan familian gazta egiteko aukera aztertzen hasi ginen». Lanbidea aldatzerako momentuan «familiaren babesa» erabakigarria izan zen berarentzat eta lanean hasi direnetik zutabe garrantzitsutzat ditu: «senarrak, koinatak, gurasoek... denek laguntzen didate».

Lesakako Agorleku baserrian dute gaztandegia eta bertan ekoizten dute gazta. Hortaz, egunerokoan Baztandik Bortzirietara eta Bortzirietatik Baztanera ibiltzen da Goñi: «egunaren arabera familiakoekin moldatzen naiz baina goizetan zein ilunabarretan ardiak jetzi, belarra eman, baserriko lanak egin behar izaten dira eta nik bakarrik ezin izanen nuke familia, ardiak, gaztak... dena egin. Hau familia osoaren proiektua da».

«Nekazarion lana garai batean baino gehiago estimatzen da»

Ainhoa GOÑI ORMART, gaztagilea

Inbertsiotik salmentetara

Mundu horretan sartu denetik, urtea ardien arabera antolatzen hasia da: «azaro-abenduan ardiak erditzen hasten dira eta horiek kontrolatzen izan dugu lan gehien. Abendu aldera zaintzen, jezten eta gaztak egiten aritu gara eta martxoan zaintzen eta jezten segitzeaz gain, gazta saltzen ere hasiko gara».

Ondoko hilabeteak ere halatsu izanen dira, «maiatzean larrera» eraman arte: «orduan belarrak egin beharko ditugu, negurako izateko. Belaiak mantendu, txukundu…». Baserri munduan lanik ez da falta izaten eta hori argi du Goñik: «lana lotua da, astelehenetik igandera, jaiegunik gabe eta ordu aunitzez lan egin behar da». Hori «gustuko izatea» behar-beharrezkoa da eta bere kasuan bada: «paperak, kontu burokratikoak ez, baina ingurumenarekin eta naturarekin lotutako lana izatea ederra da».

Egindako apustua ez da makala izan, baina hasteko ilusioz daude: «inbertsio eta lan handia egiten ari gara eta oraindik ez gara salmentekin hasi. Abiapuntu bezala, 200-250 bat gazta egin ditugu eta martxo aldera hasiko gara merkaturatzen». Hasieran «salmenta zuzena» egiten saiatuko dira, «azoketan ibiliko gara eta bertako denda eta harategietan jarriko dugu». Gero, «izaten duen erantzunaren arabera» bere bidea eginen du eta «orduan erabakiko dugu zenbat egin eta non saldu».

«Familiako proiektua da eta ilusioz eginen dugu»

Ainhoa GOÑI ORMART, gaztagilea

Etxeko baliabideak kalitatea bermatzeko gakoa

Prozesu tradizionala dute ardatz baina gaur egungo osasun baldintzetara egokituz egiten dute lan, ahal den guztian etxeko baliabideak erabiliz: «gure ardiak etxeko larrean egoten dira eta neguan gure etxeko belarra jaten dute. Gure baliabideak erabiliz kalitateko esnea lortzen dugu, gazta onak ezinbertzeko duena. Horrez gain, ingurugiroa mantentzen saiatzen gara, energia berriztagarriak erabiliz berotzen dugu ura...». Legez eta ikuskatze guztiekin egiteko, Artzain Gazta elkartean eta INTIAn ikastaroak eta aholkularitza jasotzen dute.

Idiazabal jatorri izendapenaren baloreekin bat eginez, «ardi latxaren esne gordina dute lehengai eta betiko maneran egiten dugu». Horrekin guztiarekin, «kalitatea eta zaporea» bermatu nahi izan dute.

Bertakoa jan, bertakoa lagundu

Arditik gaztarako prozesuan gogo eta ilusio guztia paratua dute, eta bezeroengana ailegatzeko gogotsu daude, gaur egun lana estimatzen dela uste dutelako: «gero eta nekazari gutiago dauden honetan, egiten den lana estimatzen dela iruditzen zait» dio Goñik.

Gehiago ere bada. Herrian herrikoa kontsumitzearen aldeko joera hartua dute aunitzek eta gure aitzinekoen bizimodua eta inguruak zainduz bizi diren familiek egiten duten lanaren alde egiten hasiak dira. Horrekin denek irabazten dute: «bezeroak kalitatea bermatzea eta osasuntsu jatea lortzen du eta nekazariontzat gure produktuen alde egitea aitzinera egin ahal izateko ezinbertzekoa da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun