Pello Sarratea Sanzberro

«Herritar guztien beharrak asetzen saiatuko gara»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 13a, 12:00
Pello Sarratea izanen da Almandozko alkate ondoko urteetan.

Pello SARRATEA SANZBERRO, Almandozko alkatea

Azken 20 urteetan alkate izan den Luis Roldani Pello Sarrateak hartu dio lekukoa. Taldekideekin batera, «sortzen diren arazoak konpontzeko eta herria hobetzeko» lan eginen du almandoztarrak

«Bizimodua herrian egiten duen Almandozko gaztea» da Pello Sarratea Sanzberro. Abeltzaintza du ogibide, eta egunerokoan inguruko mendietan ibiltzen da harat-honatean, «behi, zerri eta behorren bueltan». Orain arte bizitoki eta lantoki izan duena langai bihurtuta, ilbeltz hasieratik, alkate karguak dakarren ardura bere gain hartua du Sarrateak: «Luis Roldan izan da hondarreko hogei urteetan Almandozko alkate eta hark ez zuela segituko erran zuelarik bertze herritar batzuekin solas egin nuen. Kargua hutsik ez gelditzea inportantea zela ikusi genuen...».

Taldea «herriaren irudia»

Baten eta bertzearen konpromisoak lagunduta, talde bat osatu zuten eta «laguntzarekin alkate izateko erabakia hartzea ez zitzaidan zail gertatu». Orain artean udal kontuetan ibili gabea da Sarratea, eta horretan «Jeronimo Jauregiren esperientzia lagun» izanen du: «orain arte kargudun izan da eta badu honen berri».

Gainerako alkate lagunekin, berriz, «taldea herriaren irudia» izaten saiatu dira, herritar guztien beharrak antzemateko: «Jabier Sanzberrok seme-alabak ditu eta gurasoen ikuspegia du; Beatriz Etxeberria Mendiola auzoan bizi da, eta ongi da hangoren bat taldean izatea; eta Gorka Altzuarte eta biok gazteon iritzia biltzen ahal dugu».

Auzolana eutsi eta indartu

Taldeaz gain, «bertze herritar aunitzek ere laguntzeko borondate handia» dutela nabarmendu du: «herriko bestak, erraterako, gazteok antolatzen ditugu eta horretarako batzorde bat dago. Batzorde hori bezala, uraren batzordea ere badago. Azken horretan ardura nork duen argitu beharko da...». Bai bi alor horietan, baita azpiegiturak hobetzeko eta inguruak txukuntzeko ere elkarlana izaten dute oinarri herrian: «pistetako sasiak mozteko, hormigoia botatzeko eta herriko bertzelako mantentze lanak egiteko auzolanak ere egiten ditugu eta hori indartu nahi dugu, gazteok gehiago inplika gaitezen».

Ura, saneamendua eta segurtasuna lehentasun

Hitz guttitan «herriko dirua kudeatzen, batzarrak antolatzen eta herriko bertze aferak konpontzen» ibili beharko du Sarrateak, «baita Baztango Udalarekin hartu-emanean ere». Horretarako «denen artean erabakitzen dena» izanen du gidari. Gainerako herrietako alkateekin batera, funtzionamendua ikasteko lehenbiziko bilkura izan zuen urtarrilaren 21ean eta abiapuntua markatuta, lanean hasiak dira: «herrian etxeetara ailegatzen den urarekin arazoak daude, ez du presiorik. Hor dagoen arazoa aztertu eta irtenbidea ematea izanen da helburua». Eta ondotik, «2011z geroztik alde batera utzita dagoen eta beharrezkoa den karrika nagusiaren saneamenduarekin hasi nahiko genuke». Aunitz dira ikusten dituzten beharrak eta segurtasun aldetik ere «zer hobetua badagoela» uste dute. Batetik, «baserrietara doazen errepideetan bazter-babesak» paratzea gustatuko litzaieke eta, bertzetik, «herrian parrilak jarriz lasaitasuna irabaziko» dutelakoan daude: «Almandozen herrira datozen bideek ez dute inongo ateka edo parrilarik eta aziendak bidez bide N-121-A errepideraino irten daitezke». Horrekin, «abeltzainon lasaitasuna eta hemen pasatzen den ororen segurtasuna lortuko genuke». Aldaketa horiek guztiak, ordea, ez dituzte egun batetik bertzera lortuko eta hori arras garbi dute: «herriotan Baztango Udalaren menpe gaude eta pixkanaka eginen dugu lan...».

Aurreikusitakoaz harago, «momentuan sortzen denari erantzuten eta lan ona egiten» saiatuko dela dio taldeak eta bide horretan lan egin duen alkate ohia eta taldea eskertu nahi izan du Sarrateak: «20 urtez hainbat lan egin dituzte herrian: Iturriotzeko iturria konpondu, hilerria txukundu, eskola berria egin, frontoian beirateak paratu...».

Herria biziberritzen

Zaintzeko egin den lanari esker, «herriak duen edertasunak eta kokapenak erakargarri egiten du Almandoz» alkatearen ustez. Eta, izan horregatik edo bertzelako arrazoiengatik, «azken urteetan gazte dezentek herrian gelditzea erabaki du. Orain sei-zazpi urte baino haur gehiago daude eta bizitasuna sumatzen da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun