Osasunari buruzko formakuntza saioak izanen dituzte otsailean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 9a, 07:40

Jardunaldiko lehen hitzaldia Arturo Vinuesak eskainiko du.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, koronabirusak eragindako egoeraren aitzinean,  osasuna bermatzeko, segurtasun neurri guztiak bete eta edukiera mugatuz eginen dute formakuntza zikloa.

Osasuna osotasunean aztertzeko jardunaldiak izanen dituzte otsailean Elizondon. Heldu den  ortzegunean, otsailaren 12an, abiatuko dira Arturo Vinuesa medikuaren Xertoa zu zeorre zara solasaldiarekin. 18:00etan dute hitzordua Arizkunenea kultur etxeko goitiko solairuan.

Otsailaren 19an, ordu eta toki berean, biologia molekularrean doktore den Asier Galanekin Oinarri zientifikoak biomedizinan goiburupean bilduko dira.

Biharamunean, 11:00etan, Nekane Jurado ekonomilariak gaurko egoeraren gakoa izanen ditu solasgai. Azkenik, zikloa borobiltzeko, Asier Arregi ingeniari agronomoa eta geobiologoa 5Gaz, osasunaz eta elektromagnetismoaz ariko da. Hondarreko saio hori otsailaren 26an izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun