Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak aztertu du Nafarroako Hezeguneen Inbentarioan hogeita hamar bat espazio sartzea, bertzeak bertze, Belate inguruko zohikaztegiak. Hala jakinarazi du, aurten uraren munduko krisiaren aitzinean babesteko beharra azpimarratzen duen Hezeguneen Nazioarteko Egunean. Otsailaren 2an ospatu zen Hezeguneen Nazioarteko Eguna.
Nafarroak gaur egun 23 hezegune ditu eta eta Nafarroako Gobernuak izendapen horretan bertze 30 bat gune gehiago sartzea estudiatzen ari da, tartean Belateko Kontserbazio Eremu Bereziko zohikaztegiak.
Gogoan izan behar da inguru horiek klima-aldaketaren aurkako aliatu ahaltsuak direla, karbonoa biltegiratzeko gaitasuna baitute. Eremu horiek urriak dira eta gaur egun mehatxupean daude. Azken urteotan, Nafarroan aztertu eta berrezarri dira LIFE Tremedal proiektuaren bidez.
