Baztango Geroa Baik mozio bat aurkeztu zuen ilbeltzaren 28ko udal batzarrean, Udalak beharrezko tramite juridiko eta administratiboak has ditzan, etxebizitzarako edo dotaziorako herri-lurra Nafarroako Gobernuaren eskutan erabilera lagapen erregimenean jartzeko helburuarekin, beti ere alokairurako etxebizitza publikoa sustatzera bideratzen bada. Mozioa aho batez onartu zuen Baztango Udalak.
Eskaintza urria eta prezio handien ondorioz etxebizitza alokatzeko dagoen zailtasuna dela eta sustatu du ekimen hau Baztango Geroa Bairen udal taldeak. Azken bortz urteetan Nafarroako Gobernuak alokairuko etxebizitza eskuragarria sustatzeko tresnak aktibatu dituela ere gogorarazi du, hala nola Navarra Social Housing sustapen publikorako planaren martxan jartzea, 500 etxebizitza baino gehiagorekin, edo partikularrek Alokairu Poltsaren programari utzitako erabilerarik gabeko etxeen alokairua, Etxebizitza sozietate publikoak kudeatzen du eta gaur egun 700 etxebizitza baino gehiago ditu bere baitan.
Geroa Baik gogorarazi duenez, politika hauek Iruñerritik haratago hedatzea proposatu du Nafarroako Gobernuak, lurralde osora zabalduz. «Proposatzen dugun ekimenak, etxebizitza duina eta eskuragarria emateko, prezioen gorakadari eusteko, populazioaren irteera leuntzeko eta despopulazioaren fenomenoari aurre egiteko erronkari konponbidea jartzen lagunduko duela uste dugu», nabarmendu du Baztango Geroa Baik.
Joseba Otondo: «Nafarroako Gobernuak Baztanen dituen etxe hutsak herritarren esku paratu beharko lirateke»
Joseba Otondo alkateak aipatu zuenez, «udalek, normalean, lurzoru publikora irits daitezke hirigintza-sustapen pribatuen bidez, hirigintza-proiektuaren %10 horretara bideratu behar baita. Baina urtetan, eta batez ere higiezinen burbuila-aldian, Udalak lursail horien dirua jasotzearen alde egin zuen». Horrek erran nahi du, gaur gaurkoz, ez dagoela herri-lurrik sustapen publikoak egiteko. Otondok adierazi duenez, azken urteotan Udala lurzoru publikoa lortzeko lurren hirigintza sustapenen %10 eskuratzen saiatu da eta honela, «lehen aldiz eraikuntzarako herri-lurrak baditugu». Alkatearen erranetan, «lur horiek Nafarroako Gobernuaren esku uzteko prest dago udala, jabetzari uko egin gabe, alokairu sozialeko bizilekuak egiteko», baina, horren aitzinetik, «komeniko litzateke Nafarroako Gobernuak Baztanen dituen etxeak herritarren eskura jartzea, gehienak hutsik dauden Oronozko bidezainen etxeak bezala» eta, beraz, «hortik has liteke, etxebizitza berriak eraiki baino lehen».
Baztango Udalak eskatuta, Nafarroako Gobernuaren Estatistika Institutuak 4.472 etxebizitza kontabilizatu ditu Baztanen; horietatik 2.869 lehen etxebizitza dira eta 1.603 bigarren mailakoak edo hutsik daude, horietatik 400 Elizondon. Beraz, «lehenik etxebizitza hutsen parkea erabili beharko litzateke, eta osagarri gisa, etxebizitza berriak eraiki litezke», alkatearen erranetan.