Plataformaren iritziz «inongo lotsarik gabe sinistarazi digute Natura 2000 eremu babestuaren gainean meategi bat eraikitzeak Baztango nekazari zein herritarrentzat onuragarria» izanen dela
Magna multinazionalak aitzineko astean aurkeztutako proposamenaren aitzinean Erdiz Bizirik plataforma erantzuteko prest azaldu da. Erdiz Bizirikoek aditzera eman dutenez Magnaren proposamena onartzeak «mendez mende Baztango ekonomiaren euskarria izan den eta den Erdizeko bazkalekua desagerraraztea suposatuko luke». Beraien iritziz «inongo lotsarik gabe sinistarazi digute Natura 2000 eremu babestuaren gainean meategi bat eraikitzeak Baztango nekazari zein herritarrentzat onuragarria» izanen dela. Baina, plataformako kideek ez dute bat egiten asmo honekin eta Magnari oroitarazi nahi diote Baztango herriak «memoria» duela eta «otsoa ikusteko gai» dela «ardi larruarekin mozorrotuta» heldu bada ere. Izan ere, aitzineko asteko bileran «kolaborazio» eta «elkarlana bezalako hitz politak» erabili bazituzten ere «azpijokoen maisu» direla aldarrikatu dute eta «ziria sartuko ez» dietela argi dute.
«Herri honetako ordezkari politikoen zein eragileen borondatea behin eta berriz diruarekin baldintzatzen saiatu dira»
Ez dute ahantzi «herri honetako ordezkari politikoen zein eragileen borondatea behin eta berriz diruarekin baldintzatzen saiatu» direla, ezta «legez kontrako proiektuak bultzatu» dituztela edo «proiektua legez kontrakoa dela jakinda ere Baztanen zatia den Kintoko mankomunitateko lurrak UGPS/PSISaren bitartez desjabetu» zituztela. Gainera «beren trikimailuak» erabiliz Baztan eta Esteribarren arteko muga «beren alde mugiarazi» zutela ere salatu dute.
Azkenik Baztango herri-lurren «kontrako eraso honen aitzinean hurrengo hilabeteetan baztandar guztioi dagokigun antolaketa eta mobilizazio lanetan arituko» direla jakinarazi nahi izan diote Magnari zein berarekin batera «baztandarren lurra, osasuna eta bizimodua» arriskuan paratu nahi duten guztiei.