Magnesitas Navarra (Magna) enpresak Erdiz inguruan meategia egiteko proiektuari ekin dio berriz ere. Duela aste batzuk Baztango udalari bilkura egiteko eskaria egin zioten enpresako ordezkariek, Erdizeko bazkalekuari buruz prestatu duten proposamena aurkezteko, baina Erdiz herrilurra denez, aurkeztekotan Batzar Nagusiko kideei egin beharko ziela erantzun zien udalak. Ilbeltzaren 25ean, astelehenean, egin zuten Batzar Nagusiko bilkura hori.
Bilkura horretan jakinarazi zutenez, 2021eko lehendabiziko sei hilabetetan aurkeztuko dute proiektua Nafarroako Gobernuan. Bilkuran, Batzar Nagusiko kideek hirutan galdegin zieten PSIS edo Udalez Gaindiko bezala tramitatuko ote zuten, «eta Magnako ordezkariek ez zuten ezetzik erran». Magnaren proposamena eusten duten azterketak eta aldeko txostenak aurkeztu zizkieten batzarkideei.
Ageri denez, 20 milioi euroko inbertsioa egitea da Magnaren asmoa, eta «proiektua Erdiz baliatzen duen abeltzaintzarekin eta balleko bizimodu tradizionarekin bateragarria izatea» nahi dute.