Europako isuna saihestekotan, gobernuak aurten bertan hasi beharko luke Belateko eta Almandozko bigarren tunelen obrak egiten

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 28a, 16:00
Europako Batzordeak dio «arrisku handiko» tunelak direla, sute edo istripu kasuetarako larrialdi-irteerarik eta aireztapen egokirik ez dutelako.

Nafarroako Gobernuari duela bi urte amaitu zitzaion epea Belate eta Almandozko tunelak Europako Segurtasun Arauetara egokitzeko eta, obrak oraindik hasi gabe daudenez, edozein momentutan jaso dezake Europako agintarien zigorra ezarritako epeak ez betetzeagatik.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilariak, Bernardo Zirizak, tunelen bikoizketa lanak aurten hasteko milioi erdi euro baino gehiago aurreikusiak dituela adierazi zuen atzo Parlamentuko lan-batzordean. «Milioi erdi euro baino gehiago ditugu aurten bi tunelen obrak hasteko eta beste ehun milioi euro hurrengo urteetarako».

Bi tunel hauek arazo larriak dituzte Europako txostenaren arabera. Sute edo istripu larri bat gertatuz gero, tunel hauek ez dute larrialdi-irteerarik, ezta aireztapen egokirik ere. Horregatik, «arrisku handiko» tunelak direla kontsideratzen dute europar agintariek. Istripuez gain, aski ezaguna da azken urteotan maiz itxi behar izan dituztela konponketa lanak egiteko.

Bi tunelak Europa barneko garraio-sarearen zati dira eta, gaur gaurkoz, errei bakarra dute noranzko bakoitzean. Belatekoak ia 3 kilometro ditu (2,98 km), eta Almandozkoak, berriz, 1,23 kilometro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun