Alokairuko etxebizitza publikoa sustatzeko Baztango Udalak herrilurra Gobernuaren esku jar dezan eskatu du Geroa Baik

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 28a, 11:00
Alokairuko etxebizitza publikoa sustatzeko herrilurrak Nafarroako Gobernuari uztea proposatu du Baztango Geroa Baik.

Koalizioak gaurko osoko bilkuran eztabaidatzeko mozio bat aurkeztuko du bizilagunen eskaerari erantzuna emateko helburuarekin

Baztango Geroa Bairen udal taldeak mozio bat aurkeztuko du gaurko udal batzarrean, Udalak beharrezko tramite juridiko eta administratiboak has ditzan, etxebizitzarako edo dotaziorako herrilurra Nafarroako Gobernuaren eskutan erabilera lagapen erregimenean jartzeko helburuarekin, beti ere alokairurako etxebizitza publikoa sustatzera bideratzen bada. Modu horretan herritarren eskariari erantzuna ematea ahalbidetuko dela uste du Geroa Baik.

Eskaintza urria eta prezio handien ondorioz etxebizitza alokatzeko dagoen zailtasuna dela eta sustatu du ekimen hau Baztango Geroa Bairen udal taldeak. Azken bortz urteetan Nafarroako Gobernuak alokairuko etxebizitza eskuragarria sustatzeko tresnak aktibatu dituela ere gogorarazi du, hala nola Navarra Social Housing sustapen publikorako planaren martxan jartzea, 500 etxebizitza baino gehiagorekin, edo partikularrek Alokairu Poltsaren programari utzitako erabilerarik gabeko etxeen alokairua, Etxebizitza sozietate publikoak kudeatzen du eta gaur egun 700 etxebizitza baino gehiago ditu bere baitan. 

Geroa Baik gogorarazi duenez, politika hauek Iruñerritik haratago hedatzea proposatu du Nafarroako Gobernuak, lurralde osora zabalduz. «Proposatzen dugun ekimenak, etxebizitza duina eta eskuragarria emateko, prezioen gorakadari eusteko, populazioaren irteera leuntzeko eta despopulazioaren fenomenoari aurre egiteko erronkari konponbidea jartzen lagunduko duela uste dugu», nabarmendu du Baztango Geroa Baik. 

«Nafarroako Gobernuaren zerrendan proiektu hauen goi postuetan kokatzen lagunduko digu proposamen honek, horregatik udalbatzaren babesa edukitzea eta lehenbailehen martxan jartzea espero dugu», azpimarratu du. 


Opoka eta Lekarozko presak

Bertzalde, Baztango Geroa Baik bertze mozio bat aurkeztuko du Opoka eta Lekarozko presen eraisketak berriki erregistratutako zoruaren hondoratzeetan izan dezakeen eragina analizatu eta baloratzeko txosten tekniko bat burutzea eskatuz. Udalari eskatuko dio ibaiaren bi ertzen inguruan eragindako kalteak iker ditzan, bai eta konponbide plan bat burutu dezan ere. 

Baztango Geroa Baik azaldu duenez, egun hauetan kamioi bat Santiago karrikako zoruan hondoratu dela ezagutu da. Baina ez da kasu isolatu bat, ibaiaren bi ertzetako toki ezberdinetan bertze hondoratzeak gertatu baitira. Geroa Bairen iritziz «gutienez oso kezkagarria den gaia da hau, eta ez dirudi kasu isolatuak direnik, zonaldean eragin orokorra duen zerbait baizik». 

Zonaldean dauden erasanei buruzko analisi on bat edukitzeko helburuarekin, bai eta horien jatorria ezagutzeko, eta, izanen balira, erantzukizunen balizko eskakizuna argitzeko eta sortutako erasanei konponbideak jartzeko, Geroa Baik txosten tekniko horren burutzea eskatuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun