Baztango herrietako alkate berriekin lehenbiziko bilkura egin dute udal ordezkariek

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 25a, 13:00
Baztango alkate berriak eta udal ordezkariak Arizkunenean bildu ziren lehen aldiz gan den ortzegunean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

2021-2022 biurtekoan Baztango herrietako alkate hautatu berriek ortzegunean Xabier Maia Baztango alkateordearekin bilera bat egin zuten Arizkunenea kultur etxean. Kargu berriei dagozkien hainbat konturi buruzko azalpenak emateko, Batzar Nagusiaren funtzionamendua, herriko eskaerak nola bideratu, karguaren eskuduntza eta betebeharren berri jaso eta eguneroko aferak nola kudeatu argitzeko egin zuten bilera.

Irurita eta Arizkungo alkateak aukeratu gabe daude oraindik

Abenduko hirugarren igandean alkateak izendatzeko batzarrak egiten dituzte Baztango herri guztietan. 15 herrietatik 11tan hautatu zituzten alkateak egun horretan: Berroetan, Arraiozen eta Gartzainen Carlos Garaikoetxeak, Joxelu Retegik eta Fernando Arraztoak segituko dute; eta Elbeten Imanol Juanikotena, Erratzun Kaiet Itoizek, Oronoz-Mugairin Jorge Oteizak, Zigan Joxean Etxeberriak, Almandozen Pello Sarrateak, Azpilkuetan Aitor Iturraldek, Anizen Kristina Fernandezek eta Lekarozen Ernesto Pratek hartu zuten kargua.

Elizondon, Arizkunen, Iruritan eta Amaiurren karguak hutsik gelditu ziren. Ordenantzetan markatutakoa betez, lau herri horiek bigarren aukera bat izan zuten Errege Eguneko batzarrean. Egun horretan hautatu zuten Amaiurko alkate, Ixabel Alemanek kargua hartzeko borondatea agertuta.

Gerora, Elizondon Aitor Bazterrikak bere burua aurkeztu eta bera hautatu zuten alkate ilbeltzaren 16ko batzarrean.

 Orain, Amaiurko eta Elizondoko alkateak hautatu ondotik, Iruritako eta Arizkungo alkateak gelditzen dira hautatu gabe. Lerro hauek idazterakoan Irurita eta Arizkunen ez zen inor aurkeztua eta urtarrileko lehenbiziko igandeko batzarretik hilabeteko epea zuen Batzar Nagusiko batzar buruak herri horietan batzarra deitzeko. Ondotik, hautagairik aurkeztuko ez balitz, ordenantzak zehazten ez duen aldia ireki beharko lukete eta prest legokeen norbait agertzerakoan batzarra deitu ahalko litzateke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun