Uholdeak-Klaustrofilia erakusketa programak, arte garaikidea Nafarroako lurralde osoan zabaltzea, tokiko artistak ekoizpenetik haratago ezagutaraztea eta herritar guztiei arte garaikidearen planteamenduak gerturatzen laguntzea du helburu. Erakusketa hau Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean ikusgai dago urtarrilaren 23tik otsailaren 13ra, astelehenetik larunbatera 17:30etik 19:30era. Ondotik Tafallara eramanen dute eta ekainean Tuterara.
Klaustrofilia kontzeptuak «babestuta gaudenean sentitzen dugun segurtasun eta lasaitasun sentipen atsegina» adierazten du. Klaustrofilia, borondatezko edozein konfinamendurekin lotuta dago. Erakusketa programak, giza existentzia autoerreferentzialaren uste faltsuaren inguruan gogoeta egiten du, bere baitan itxita, historikoki osatu eta baldintzatu duten prozesu naturaletatik kanpo.
Erakusketan, Iranzu Antona, Inés Aubert, Mirari Echávarri, Víctor Masferrer, Txuspo Poyo eta Iosu Zapata artistek hartuko dute parte. Erakusketaren erdian liburutegi ilauna aurkituko dugu. Liburutegi ilaun, iragankor, honetako liburuek erakusten dute nola Kulturaren ahots baimendua natura hitzarekin ezagutzen dugun horretara, landa-ingurunera eta lurraldera gerturatu den. Liburutegiak utopiei eskainitako atal bat ere badu, agian klaustrofiliaren adierazpen gorena irudikatzen duen generoa.
Elizondon zeuden zinema-aretoan haria
Erakusketa egoitza bakoitzera egokitutako bitartekaritza-programa batekin zabaltzen da. Baztango bitartekaritza aldez aurreko prospekzio-ikerketa fasean dago, landa-zinemen hariari segituz, eta, zehazki, Elizondon zeuden zinema-aretoen haria segituz. Horrek, kulturatik, zehazki zinematografikotik, Baztanen egin diren irudikapenak, herriko zinemen garrantzi soziala eta abarren hariari segitzea suposatzen du. Hortik abiatuta, datozen asteetan ekintza zehatzak planteatuko dira. Gainera, otsailaren 8a eta 10a artean, Uharte Zentroko hezkuntza-taldeak hezkuntza-programa bat garatuko du Elizondoko Eskola Publikoko Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako bortz taldetako ikasleekin aurkeztutako proposamen artistikoetatik abiatuta. Erakusketaren edukiak hainbat dinamika parte-hartzailetan landuko dira, eta alderdi dialogikoaz gain, ikasleek sormen-prozesu ttikiak biziko dituzte bertze lengoaia mota batzuk arakatuz (gorputza, soinua, plastika...).
Uholdeak Uharte Zentroaren jarduera-ildoaren barrenean sartzen da, eta Caja Navarra Fundazioarekin, La Caixa Gizarte Ekintza Fundazioarekin eta Agoizko, Altsasuko, Elizondoko, Tafallako eta Tuterako kultura-guneekin lankidetza-sare bat eraikitzea ere badakar.
Programaren webgunea http://www.centrohuarte.es/uholdeak