Ligako lehen partida jokatuko dute Baztango BKT eskubaloi taldeko seniorrek larunbatean

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 22a, 14:00

Hamar hilabeteren ondotik kantxetara bueltatuko dira Baztango BKT eskubaloi taldeko emakume seniorrak.

Anaitasunaren kontra ariko dira Iruñean (19:00)

Covid-19aren eraginez espero baino lehenago akitu behar izan zuten joan den urteko martxoan 2019-2020 denboraldia Baztango BKT eskubaloi taldeko emakumeek. Aurten, bazirudien ez zutela berriz ere kantxara itzultzeko aukerarik izanen, baina orain, senior mailako taldeak ligari ekinen dio, Izaskun Danboriena jokalari ohia entrenatzaile dutela. Lehenbiziko partida ilbeltzaren 23an, larunbatean 19:00etan jokatuko dute Anaitasunaren kontra, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Maskarak erabiliz aritu beharko dute.

Momentuz, senior mailako taldea bakarrik hasiko da lehian. Sei talde ariko dira beraien kategorian eta bi itzuli eginen dituzte. Oraingoz, zaleek kiroldegietan sartzeko aukera izanen dute, gehieneko edukiera errespetatuz. Aitzinera begira, badirudi Nafarroako Kirol Jolasetan kategoria ttikiagoetako taldeek ere jokatzeko aukera izan dezaketela.

 

ESKUBALOIA

Nafarroako emakumeak seniorrak

Anaitasuna – Baztango BKT, larunbatean 19:00etan Iruñeko Anaitasunan.

 

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun