Eneko Barberena da aurtengo (H)ilbeltza bekaren irabazlea

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 21a, 17:27

Eneko Barberena, aurtengo (H)ilbeltza bekaren onuraduna.

Bekari esker, landa eremuan girotutako istorio bat landuko du idazle arrasatearrak

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko helburuz, laugarren (H)ilbeltza beka deialdia egin zuen. Berriki jakitera eman dutenez, aurten Eneko Barberena izanen da bekaren onuraduna eta 6.000 euro jasoko ditu (3.000 laginaren irabazle izateagatik eta bertze 3.000 akitzen duen momentuan). Barberenak urtebete izanen du liburua osatzeko eta 2022an argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak. 

Landa eremuko kontaketa  

Epaimahaikide den Txalapartako editoreak, Garazi Arrulak, jakinarazi dutenez, Barberenak landa giroan kokatutako istorio bat jorratuko du eta «mendia eta larreak norenak diren eztabaidatuko du, horien erabilera ezbaian jarriz». Kontaketa atal motzetan banatuko du eta horrek irakurketa arin bihurtzen du epaimahaiaren ustez: «atal laburren bidez ematen da istorioa, eta egitura horrek eta hainbat ahots agertzeak irakurketa bizia egiten dute».

Eneko Barberena

Arrasaten jaioa, 1983an, egun Aretxabaletan bizi da. Zuzenbidean  lizentziaduna da, bere ogibidea batez ere euskalgintzari lotua egon bada ere. Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk (Apokaliftin Elkartea, 2002), Martin Larralde (Bonberenea Liburuak 2011) eta Afrikanerrak (Elkar, 2019) argitaratuak ditu narrazioan, eta Lurrunak ez du oraindik kristalik estali (Gaztesarea, 2004) poema liburua.

Periko gazteekin hizketan biografia kolektiboa koordinatu zuen (Txalaparta, 2015). Liburuez gainera, hainbat ipuin labur eta kolaborazio argitaratu ditu komunikabideetan, eta “Sagasti Etxea” liburu iruzkin bloga du Goienan.

Sormen eta itzulpen lanak

Lehenbiziko edizioa sormen beka izan zen, Miel A. Elustondok irabazi zuen eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019ko hasieran. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu eta 2020 hasieran aurkeztu zuen Josu Barambonesek. 2019an Miren Gorrotxategik irabazi zuen sormen beka eta iaz Koldo Biguriak egindako itzulpena 2022ko ilbeltzean aurkeztuko du. 

Euskal Nobela Beltzaren Astea 

Ilbeltzaren 20tik 26ra egitekoa zuten Euskal Nobela Beltzaren astea. Dena den, antolatzaileek, egoera ikusita, urtean zehar mahai inguruak antolatzeko asmoa adierazi dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun