Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
Martxoan 23 urte beteko dituen neska gazte elizondoarra.
Zein dira zure zaletasunak?
Mendia, lagunekin denbora pasatzea eta bidaiatzea. Orain arte, azken honetarako denbora guti izan dut lana eta ikasketak direla medio.
Zer ikasi duzu?
Ile-apainketako erdi mailako ziklo bat egin nuen lehenik Burlatan eta ondotik Elizondoko ile-apaindegi batean lanean hasi nintzen. Gero, goi mailako zikloa lanarekin uztartu nuen eta orain CAP-a egiteko intentzioa dut.
Zergatik aukeratu zenuen ile- apaintzaile izatea?
Nerabezarotik argi nuen bide hau segitu nahi nuela, atentzioa ematen zidan eta arras kontent nago egindako hautaketarekin.
Nafarroako Gobernuko Erasmus beka lortu duzu...
Bai, honen bidez bertze herrialde batera bidaiatu eta bertan nire formakuntzan segitzeko aukera izanen dut .
Zergatik aukeratu duzu joatea?
Hasiera batean martxoan Italiara joatekoa nintzen, baina, Covid-19a tarteko, bidaia bertan behera gelditu zen. Orain, Portugalera joan bertze aukerarik ez dut izan.
Aukera ona dela uste duzu?
Doike! Apainketa mundu bat da, eta herrialde batetik bertzera joerak pila bat aldatzen dira. Ziur aunitz ikasiko dudala eta teknika berriak ekarriko ditudala Elizondora. Hori espero dut.
Zer da zure lanbidetik gehien gustatzen zaizuna?
Ile-apainketako teknika berriak probatzea: kolore ausartak, ile mozketa ezberdinak...
Eta guttien?
Zure irudimena eta sormena lantzen uzten ez dituzten lanak dira astunenak iruditzen zaizkidanak.
Ile-apaintzaileari nahi duena egiten utzi behar zaio?
Ez beti. Ile-apaintzaileak bezeroak zer nahi duen erreferentzia gisa hartuta, hobekien geldituko zaion proposamena egin behar dio. Bezeroaren eta profesionalaren arteko adostasuna bilatu behar da.
Nori eginen zenioke ile-apainketa?
Karrikan oinez nabilenean bista jendearen burura joaten zait eta «honi ilea moztuko nioke eta bertze hari kolore pixka batek itxura edertuko lioke» pentsatzen aritzen naiz batzuetan.