Sotoan gordeak Gorrotxategiren bigarren eleberria da, lehenbizikoa, 33 ezkil (Elkar), 2017an argitaratu zuen Agustin Zubikarai bekari esker, eta Imanol Rayo zinema zuzendariak duela hilabete batzuk argitaratu zuen istorio horretan oinarritutako Hil kanpaiak filma.
Sinopsia
Bigarren argitalpen honetako istorioa Bilbo eta Vianan artean gertatzen da. Gorrotxategik azaldu duenez, nobelak Nora eta Alex ditu protagonista nagusi. Bikotea Bilboko Guggenheim museoan erakusketa bat ikusten ari da Norak bertze garai bat gogorarazten dion zerbait ikusten duenean, eta Alexek zer gertatzen den galdetzen badio ere, Norak ez dio erantzuten. Egun berean Norak aitaren heriotzaren berria jasoko du, eta bikotea Noraren sorterrira, Vianara joanen da. Han, Alex Noraren iragana ikertzen hasten da, bere sekretuak zeintzuk diren jakin nahian. Han egiten du eztanda istorioak.