Garazi SAROBE

«Tailerrek saretzeko eta elkar zaintzeko aukera eman digute»

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 17a, 14:00

Taupada egitasmoko parte-hartzaileak bertze hainbat gai lantzeko gogotsu daude.

Garazi SAROBE, taupada egitasmoan parte hartu duen baztandarra

Emagin elkarteko kide baten laguntzaz, emakumezkoen ahalduntzea lantzeko gune bat eraiki eta biltzen hasi ziren joan den urtean. Taupada egitasmoaren barne, tailerrekin segituko dute aurten.

Taupadak elkartu zituen eta taupadaz taupada gune feminista sortu eta tailerrak egin zituzten urritik urte bukaerara arte hainbat emakumezkok Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Bederatzi saiotan, Baztango dozena bat lagunek 14 eta 25 urte bitarteko emakumezkoen errealitatea eta mikromatxismoari aurre egiteko estrategiak izan zituzten solasgai. Emagin elkarteko kide bat gidari dutela, urtarriletik aitzinera tailer horiek segida izanen dute. Orain arte formakuntzan parte hartu du eta urtarriletik aitzinera segitzeko gogotsu dago Garazi Sarobe elizondoarra. Bertan landutakoaz, emakumeen egoeraz eta gisa honetako tailerren garrantziaz aritu da Ttipi-Ttaparekin. 

Emakumeen errealitateaz zer ikuspegi zenuten tailerren aitzinetik? Eta lanketa horren ondotik ikuspegia aldatu da?

Zenbait zapalkuntza identifikatuak genituen baina aunitzetan izen-abizenak jartzea falta zitzaigun. Tailerrak, bertzeak bertze, zapalkuntza horiek izendatzeko baliagarri izan zaizkigu. Gainera, bertan gure lekua defendatzen ikasi dugu eta gure iritziak argudiatzeko tresnak eskuratu ditugu. Horrez gain, feminismoak eskaintzen dizkigun ekarpenen inguruan hausnartu dugu, ahizpatasunaz, prostituzioaz, androzentrismoaz eta bertze hainbat kontuz aritu gara. Tailerretan hainbat gai potolo jorratu ditugu eta gehiago lantzen segituko dugu.

«Aurrerapausoak eman diren arren aunitz dago borrokatzeko»

Garazi Sarobe, Taupada Egitasmoko parte-hartzailea

Zer motatako jarduerak egin dituzue tailerretan?

Covid-19a dela eta arras mugatuta egon gara. Hala ere, saioak nahiko dinamikoak izan dira.

Nolakoa da zuen ustez emakumeen egoera gaur egun?

Mugimendu feministari esker, gizartean aurrerapauso handiak izan dira gure amatxien garaitik gaur egunera bitarte. Hala ere, oraindik aunitz dago borrokatzeko. Izan ere, geroz eta kontzientzia handiagoa hartu, orduan eta hutsune gehiago identifikatzen ditugu.

Zergatik dira beharrezkoak gisa horretako egitasmoak?

Elkarren artean saretzeko, elkarrengandik ikasteko eta elkar zaintzeko aukera ematen dutelako. Emakumezkoen arteko elkartasuna beharrezkoa da, eta horretarako horrelako gune gehiago behar dira. Taldean, elkarrekin, diskriminazio egoerei aurre egiteko indar handiagoa dugulako elkartzea beharrezkoa da.

Zein izan da gustukoen izan duzuen saioa?

Indarkeria matxista, sexualitatea eta prostituzioa landu ditugun saioak arras interesgarriak izan dira. Hala ere, guztietan gozatu dugu.

Zer egin zaizue deigarrien?

Gure artean bizipenak partekatu ditugunean ikusi ditugun egoera guztiak izan dira deigarriak. 

«Gure bizipenak partekatu ditugu eta deigarriak izan dira»

Garazi Sarobe, Taupada Egitasmoko parte-hartzailea

Nola animatuko zenukete jendea halako saioetara?

Arras interesgarria dela erranen genieke. Nahiz eta hasieran motibazio guti izan, probatzera animatu nahiko genituzke. Gure esperientzia arras- arras ona izan da, tailerretan etxean bezala sentitu gara, espazio segurua eta goxoa eraiki dugu eta nahi duena parte hartzera gonbidatuta dago.

Zer egin dezakegu gizarte feministago bat izateko?

Emakumeari subjektu politiko izaera eman eta borrokan segitu beharko genuke.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

Morea. Heldu denari aurre egiteko gogotsu eta indartsu gaude. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun