Covid-19ak ostatu eta jatetxeetan izan dituen ondorioak aztertzeko inkesta bideratu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 12a, 16:00
Inkestan ere ostatu eta jatetxeak laguntzeko Nafarroako Gobernuak emandako 20 milioi euroen eragina neurtuko da.

Covid19aren hedapena eteteko Nafarroako Gobernuak agindutako ostatuen eta jatetxeen hesteak ekarritako ondorioak aztertuko ditu Baztango Udalak. Horretarako aitzineko egunetan establezimendu guztietarat inkesta igorri du. 

Azkeneko osoko bilkuran Geroa Baik ostatu eta jatetxe guztiei 400 euroko laguntza emateko proposamena aurkeztu zuen, baina Baztango Udaleko gobernua osatzen duen gehiengoak –EHBildu eta Ezkerrak- ezetz erran zuen. Udalkideen hitzetan, «lehendabizi Nafarroako Gobernuak emandako laguntzak neurtu behar dira eta, ondotik, laguntza berriak ematekotan, proportzionalak izan behar dute». Beraien iritziz, «denei laguntza bera ematea ez baita zuzena». Hortaz, «egoerari erantzun zuzena emateko, herriko establezimenduen egoera zein den aztertzeko» pausuak ematen ari da Udala, ondotik, «datuen gainean egokiak diren erabakiak hartzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun