Literatur liburu bat baino gehiago banaka argitaratu ez dutenendako lehiaketa
Lanak gai librekoak ziren, eta jatorrizkoak zein argitaragabeak izan behar zuten. Jatorriz nafarrak diren zein bertan bizi direnek hartzen ahal zuten parte. Pertsona eta modalitate bakoitzeko lan bat besterik ezin zen aurkeztu. Poesiaren kasuan, lanek 200 bertso izan behar zituzten gutxienez, eta narrazioan, gutxienez 15 orrialde.
Bere izenpean, bakarka, literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin zuten lanik aurkeztu. Ez ziren muga horren barnean sartzen aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Lehiaketa honen aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso zutenek ezin zuten berriro parte hartu modalitate horretan.
Narrazio sariak
Saioa Alkaiza Guallarrek lehenengo saria jaso du ‘Ez dago hondoratzerik’ lanarekin; Irati Majuelo Itoizen ‘Erroma’ lana bigarren lanik hoberentzat jo dute eta hirugarren saria jaso du Sarai Robles Vitasen ‘Bost egunotan’ lana.
Juan José Pellejero Goñik aipamen berezia merezi izan du, ‘Gizaseme diskretua’ lanagatik.
Sariak poesia modalitatean
Julio Soto Ezkurdiaren ‘Giza geografia’ lanak jaso du lehen saria poesia modalitatean. Saioa Alkaiza Guallarrek bi sari irabazi ditu lehiaketan, ‘Helduaroaren bezperan’ olerkiarekin bigarren postuan geratu baita. Iñigo Satrustegi Andres hirugarren postuan geratu da ‘Irakurketa kimikoa’ lanarekin. Azkenik, epaimahaiak aipamen berezia egin dio Izaskun Igoa Jaimerenaren ‘Lurra zango zolaren gainean’ lanari, ‘hutsaren eta presentziaren arteko mugak ezartzen saiatzen den lirika handiko’ obrari.