Lehendabiziko hitzordua, abenduaren 24an izan zuten. Aurten Olentzero eta astoa ezin izan ziren etorri baina, haurrek Olentzeroren panpina hartu eta herrian buelta eman zuten musikarien laguntzarekin. Bertze urteetan bezala etxeetan emandako jaki eta edari goxorik probatu ezin izan bazuten ere, urteroko itzulia ez zen falta izan.
Ondotik, urte berri eguna etorri zen eta ohitura segituz, etxez etxe ibili ziren urtatsak eskatuz. Urte berri-berri kantatu eta etxeetako leiho eta ateetatik, goxoak, mandarinak, giltzaurrak... bota zizkieten auzokideek haurrei.
Akitzeko, Errege egun bezperan, herrian barna ibili ziren joareak eskutan hartuta. Modu honetan borobildu zituzten elurrak zuritutako Eguberriak.