Karmentxu Elizegi Urrutia

«Urteak pasatu eta konturatu gabe etorri dira ikastolaren 50»

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 16a, 11:00
Karmentxu Elizegi Lehen Hezkuntzako tutorea da egun.

Karmentxu ELIZEGI URRUTIA, Baztan Ikastolako kide

Elizondon sortu eta bizi izan da Karmentxu. Betidanik Baztan Ikastolan inplikatua egon da, lehendabizi ikasle, ondotik irakasle eta azkenik guraso. Baztan Ikastolan irakasle gisa 12 urte daramatza lanean, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko irakaslea da. Honetaz gain, Baztan Ikastolaren 50. urteurreneko talde eragileko kidea da. Ikasturte hau urte garrantzitsua da ikastetxearentzat, izan ere, Baztan Ikastolak 50. urte beteko ditu bere ateak ireki eta Baztanen aurten euskara eta euskal kontzientzia pizten hasi zenetik. Ikastetxearen hasieraz, erronkez, ibilbideaz, ikasle eta irakasleen aferaz aritu da Ttipi-Ttaparekin.

Nola, noiz eta nondik sortu zen ikastola? Nork hasi zuen? Nor izan ziren lehen irakasle-ikasleak?

1970eko garai hartan herrietako eskoletan ez zen euskararen presentziarik. Horrek bultzatuta eta Elizondon euskara galtzear zegoela arduratuta zegoen guraso talde batek, beren seme-alabak euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko asmoarekin ikastola bat sortzeko ausardia izan zuten.Ordurako IruÒean ikastola bat martxan zegoen eta haiei zer pauso emanak zituzten galdegin ondotik, ikastola martxan paratu zuten. Elizondoko parrokiaren babesean, Centro Cultural Santiago izenpean, Miserikordia deitzen zen zahar egoitzan hasi zuten ikasturtea 27 umek Mari Carmen Goñi andereño zutela.

Ikastolaren sorrerak zer aldaketa ekarri zuen Baztanera?

Aldaketa handi eta nabarmenena Baztanen euskaraz ikasteko aukera izan zen. Ikasle guti batzuk hasi ziren, baina poliki-poliki bertze herrietako haurrak etortzen hasi ziren: Arizkundik, Iruritatik, Narbartetik eta bertze hainbat herritatik etortzen ziren ikastolarat. Horrek garrantzi handia izan zuen bertze eskoletan euskara erakusten hasteko. Ikastolaren metodologia ere desberdina zen. Alde batetik, mahairik gabe eta lurrean eserita ematen ziren klaseak. Material aldetik arrunt eskas, papera, margoak eta txotxongilo batzuk ziren baziren baliabide bakarrak.  Gainera, sortu zenetik Baztan Ikastolaren helburua bertako ohiturak indartu eta ezagutzerat ematea izan da.

«Euskal kontzientzia piztu du ikastolak»

Karmentxu Elizegi

Zein behar asetzen ditu eta zein dira Baztan ikastolaren ekarpenak?

Gure hizkuntza eta kulturarekiko maitasuna belaunaldiz belaunaldi transmititzea eta Baztango zein Euskal Herriko hainbat ohitura eta ekintza berpiztu edota bultzatzea dira ikastolaren ekarpen nagusiak. Hala nola; Olentzero, inauteriak, Orakunde, Santa Ageda, Korrika, Euskaraldia eta Euskararen Eguna. Ingurumenari ere begirunea diogu eta urtero-urtero  zuhaitzak landatzen ditu. Ekintza hauen guztien bitartez, ikastolak herriko bizitzan parte hartu du betidanik, gizartean parte-hartzailea izatea zein garrantzitsua den erakutsiz.  Bertzalde, metodologia berriak sartu dira. Hezkuntzaren erronkak eguneroko afera dira, berau bizia baita eta aldaketa berrietara egokitu eta aitzin egin die ikastetxeak. Eraikinak berritu eta egokitu ditugu eta hezkuntzaren ikuspuntua berrantolatzeko apustua egin dugu; etengabe formatuz metodologia aktiboetan, Skolaen nahiz hezkuntza emozionalean. Ikastolan metodologia eta material propioa ditugu, baita irakasle talde egonkorra ere. Bertzetik, Nafarroa Oinezeko Txikiak Handi proiektua aipatu behar dugu. Txikiak Handi munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzeko eta haien arteko zubiak eraikitzeko sortutako Nafarroa Oinezen proiektu iraunkorra da. Poloniar estatuan dauden kaxubiarrek hirugarren ikasturtea dute beraien zentroa sortu eta beraien hizkuntza, kultura eta hezkuntza eskaintzen. Eta zentro gehiago ireki dituzte. Baztan Ikastolak 2015ean Kaxubiarrekin izandako harreman estua aipatzekoa da. Izan ere, kaxubiarrek beraien ikastola sortu dute gure ikastetxea eredu hartuta. 

Zaila izan al da Baztan Ikastolaren 50. urtemugara ailegatzea?

Dudarik gabe hasmenta, eta batez ere, izandako borroka urteak zailak eta gogorrak izan ziren. Baina urteak pasatu dira eta konturatu gabe etorri dira.

Hainbat egoitzatan ibiliak ziren hasierako ikasle eta irakasleak: Miserikordiako gelan, Elbeteko plazan eta frontoian, parkean, Elbeten elizak zuen apezaren etxean, gela ttipi batean eta Pilarren, bertzeak bertze. Ikastola handitu ahala  lekua eskasten hasi zen eta erabiltzen ziren eraikinak ttipi gelditu ziren. Udalarekin harremanak ez ziren errazak eta borroka izugarria hasi zen. Hau ere ezin dugu atzendu. Administrazioaren aldetik aurkakotasuna eta dirulaguntzen gabezia izan zuen ikastolak. Hasmentako urteetan ikastetxea legeztatu gabea zenez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentutik eskola libururik ez ziren ailegatzen eta guraso batzuen artean ezinegona eta beldurra sortu zen.  1990eko hamarkadan Haur Hezkuntzako gela bateko modulua galdu genuen, eta hortaz, laguntza ekonomikoa ere bai. Horretaz gain, matrikulazioek nabarmenki beheiti egin zuten eta urte batzuk gaizki pasatu genituen.Gainera, oraindik gazte ziren ikasle eta guraso batzuen agurrak, gogorrak, hunkigarriak, ahaztu gabeak ziren eta oraindik dira ikastolarentzat. 

«Txarrenari onena ateratzeko gai izan da ikastola»

Karmentxu Elizegi

Momentu gogoangarriak?

Txarrenari onena ateratzen zaio momentu gogorretan, eta Baztan Ikastola horren adibide izan zen, eta da. Ekaitzaren osteko barea bezala, garai zailen ondotik, garai ederrak bizi izan genituen; ikastolarendako leku bat harrapatzea, hau handitzen ikustea, eraikinari kolorea eta zentzua ematen zieten geroz eta haur gehiago izatea, gurasoen betiereko inplikazioa, gure arteko harremanak familia harremanak bihurtzeraino sendotuak ikustea, ikasturte bukaerako egonaldiak, umeen abesti, bertso eta antzerki emanaldiak, eguneroko eginbeharrak joera ona zuela ikustea... Hau guztia izugarria izan da. Gero, 1985ean, Pilarreko egoitza erdietsi zenekoa ezin atzendu. Borroka gogorraren ondotik, azkenean  ikastetxe dezentean kokatu ginen. Ze prozesioa antolatu genuen Parketik Pilarrera, txistuaz lagunduta. Eraikuntza aitzinean guraso baten eta irakasle baten hitzak eta ondotik dantzatutako zortziko erraldoia. Hunkigarria. Lehendabiziko Nafarroa Oinez 1982an antolatu genuen. Lan handia suposatu zuen, baina ilusioa handiarekin bizi izan genuen. Garai hartan lau kamiseta eta txapelak saltzen ziren eta han ibiltzen ginen herri batetik bertzera, kotxea gaineraino kargatuta bestarik besta hauek saltzen. Eta eguna bera ikaragarria izan zen, jendetza izugarria bildu zen eta jendearen babesa jaso genuen. 1993an Eslovenian  Hizkuntza Gutxituen Biltzarrean parte hartu genuen. Esperientzia arras polita eta aberasgarria izan zen. Bigarren Nafarroa Oinez, 2015ean ospatu genuen. Gurasoen inplikazioa, eta Baztan mailan eta eskualde mailan herriak eman zuen erantzuna. Ahaztezina izan da. Gogoan ditut urte hauetako guztietako auzolanak: Parkeko ikastola berritu zenekoa, Pilarreko ikastolaren estalpea paratu  eta ikasgelen berritzu zenekoa edo igerilekua soinketa gela bihurtu eta komunak berritu zireneko auzolanak. Hala ere, dena ez da lana izan elkarrekin sagardotegiko irteerak eta bazkariak ere egin izan ditugu tartean.

Hau guztia egiteko ikastolako gurasoen inplikazioa, ilusioa eta lankidetza azpimarratzekoak dira. Ikastolan proiektu bat aitzinerat eramateko, auzolana eta lankidetzaren garrantzia agerikoak dira. Eta akitzeko, erran nahi nuke xarmangarriak direla eta gogoan atxikitzekoak guraso, irakasle eta ikasle arteko harremanak. Ezaugarri horiek guztiek deskribatzen dute Baztan Ikastolaren familia.  Anitz urtez Baztan Ikastola!

Motzean

Non sentitu zara erosoen: ikasle, irakasle edo guraso rolean?

Bizitzaren fase bakoitzak bere xarma du eta denetan zerbait aberasgarria ikasi dut. Lehenik ikasle, ondotik  irakasle eta azkenik ama.

Hizkuntza bat?

Euskara, noski! Zein bertzela?

Zein dira Ikastolaren ekarpen nagusiak?

Gure hizkuntza eta kulturarekiko maitasuna belaunaldiz belaunaldi transmititzea eta Baztango hainbat ohitura eta ekintza berpiztu edota bultzatzea.

Baztanen euskara barra-barra?

Doike! Ikastolako kideak nahiz Baztango euskaltzaleak bizi garen bitartean, euskara Baztango karriketan entzuten segituko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun