Ostalaritzari laguntza zuzena emateko proposamena ez dela aitzinerat atera deitoratu du Baztango Geroa Baik

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 7a, 10:00
Ostalaritza dirulaguntza zuzena ez ematea erabaki zuten Balleko Etxean, abenduaren 24ko batzarrean.

Abenduaren 24ko batzarrean Geroa Bairen proposamenarekin bat egin zuen Navarra Sumak, baina kontra bozkatu zuten EH Bilduk eta Baztango Ezkerrak

Baztango Geroa Baik egindako proposamena Herriko Etxean bozkatu zen abenduaren 24ko udaleko osoko bilkuran. Baztango ostalaritzari, etxe bakoitzeko, 400 euroko dirulaguntza zuzena ematea proposatu zuen Geroa Baik. Navarra Sumaren baiezkoa izan zuen baina, azkenean, ez zen onartua izan, «EH Bildu Baztanek eta Baztango Ezkerrak ezinezkoa egin baitzuten proposamenak aitzinerat egitea». Baztango Geroa Baitik adierazi dutenez, «zinez deitoratzen dugu hori, zeren horrelako ekimenak, ostalaritza eta merkataritzari laguntza zuzenak bideratzen dituztenak, Nafarroako bertze zenbait udalerritan abian paratu baitira, betiere tokiko EH Bildu taldearen botoarekin».

Baztanen 68 ostalaritza etxe

Baztanen diren 68 ostalaritza etxeen Ekonomia Jardueren gaineko Zerga eta hondakinenena %50ean arintzea proposatu zuen Geroa Baik, horretarako 2021eko udal aurrekontuetan 30.000 euroko partida bat zuzenean sartuz.

Geroa Bai Baztango udal taldearen erranetan, «zergak ordaintzetik inor ere ezin denez libratu, lan jarduera %100ean egiteko modurik izan ez badute ere, proposamen honen bidez Udaletik arindu nahi zen udal zerga horien kobratzea, zeren pandemiaren eraginez sortu diren murrizpenek zuzenean ukitu baitituzte negozio horiek, hilabete hauetan kaltetuenak, eta praktikan ezin izan baitute urte erdiz lan egin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun