Bailarako herriguneak biziberritzeko plana idazteko esleipen-prozedura abiatu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 5a, 13:00

Baztango Udalak aditzera eman duenez «Baztango herriguneak husten ari direla jakitun gara, eta ditugun etxetzarrak berritzeko beharra nabarmena da». Eginkizun honetarako «bailarako herriguneak babestu eta berroneratzeko 180.000 euroko aurrekontua duen hiri jarduketa plan berezia eginen du».

Gaurgero «plana idazteko esleipen-prozedura abiatu du eta Nafarroako Gobernuaren kontratazio atarian xehetasunak ikusten ahal dira». Iragarri duenez «eskaintzak ilbeltzaren 30a artio aurkezten ahal dira eta proiektuak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza du».

Aurkeztutako planak «herriguneak aztertu beharko ditu eta hiri-inguruneetako bizitegiak, komertzioak dotazioak eta eremu publikoak berroneratzeko proposamen arauemaile eta urbanistikoa egin beharko du». Idazketa lana «20 hilabetez luzatuko da» eta ondotik «bailarako herriguneak lehentasunez berroneratzeko ingurune izendatuko dira, zaharberritzeak errazteko laguntza publikoak handitzea ekarriko duena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun