Zahar etxeetan abiatu dute Covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina, eta Nafarroan Iruñeko El Vergel zahar etxean izan dira lehenbizikoak. Hantxe aritzen da lanean Ibon Txarterina Fuentes elizondoarra eta txertoa asteartean hartu zuela kontatu dio TTIPI-TTAPAri, «inongo zalantzarik eta beldurrik gabe».
Igandean hasi ziren Covid-19aren aurkako txertoak paratzen Nafarroan, eta geroztik dozenaka lagunek jaso dute Pfizer botika etxearen txertoa. Arrisku taldeek eta egoera zaurgarrian daudenek izanen dute lehentasuna eta horien artean, zahar etxeak izaten ari dira lehenbizikoak. Nafarroan, zehazki, Iruñeko El Vergel zahar etxean hasi dute txertaketa kanpaina. Hantxe lan egiten du Ibon Txarterina Fuentesek. Bizkaitarra sortzez, Elizondo du gaur egun bizileku eta ekainaz geroztik, El Vergel zahar etxean dihardu, zerbitzu orokorretan lanean. Astearte arratsaldean hartu zuen Pfizer etxearen txertoaren lehenbiziko dosia. Txertoaz eta zahar etxeko martxaz mintzatu da TTIPI-TTAPArekin.
Covid-19a dela eta nolako hilabeteak izan dituzue zahar etxean?
Ez kutsatzeko erne ibili gara eta egia errateko, zahar etxean arras positibo tasa baxua izan dugu. Izan ditugun kasu gehienak lankideren batek gaixotasuna kanpotik sartu duelako izan dira edo erietxera joan behar izan dutelako. Kasu guti izan ditugu, egoiliarren artean bizpahiru baino ez, eta lankideon artean aunitzetan aipatu dugu zorte ikaragarria izan dugula.
Nolako martxa duzue El Vergel zahar etxean?
Gure zahar etxea publikoa da. 143 egoiliar daude eta langileak 150 baino gehiago gara. Zahar etxe pribatuetan, enpresek dirua ikusten dute eta langile guttiago, jatekoaren kalitate kaskarra, bizikideen arteko egoera okerra… suma daitezke. Gure kasuan, hemengo langile batzuk kexu dira denborarekin lan baldintzak okertzen ari direla ikusten dutelako. Baina ni ekainean hasi nintzen eta arras kontent nago, lankide gehienak maitagarriak eta zaharrak arras jatorrak dira, eta lan baldintza onak ditut.
«Txertoarekin zahar etxeko egoiliarrak arras itxaropentsu eta kontent daude»
Covid-19aren kontrako txertaketa kanpaina zuen zahar etxean hasi dute. Nolakoak izaten ari dira egun hauek?
Egoiliarrak arras itxaropentsu eta kontent daude. Telebista ikusiz jasoak zituzten mezuekin izituak zeuden, baina telebistan erraten duten guztia aunitzetan ez dela sinestu behar ikusi dute eta txertoa hartuta ez dela ja pasatzen.
Zenbat egoiliarrek hartu dute txertoa?
143 egoiliarretik 136k jaso dute. Zazpik ez dute paratu, horietatik bortz zahar etxetik kanpo daudelako, senitartekoekin oporretan. Lankideen artean, berriz, denetarik dago. Batzuek hasieratik garbi izan dugu txertoa paratu nahi genuela, eta bertzeek argi izan dute ezetz.
Edozein kasutan, txertoa paratzea ez da nahitaezkoa…
Ez, ez da derrigorrezkoa. Hasteko paratu nahi duzun edo ez galdetzeko deitu egiten dute. Nik argi nuen nahi nuela, eta astearte arratsaldean, abenduaren 29an, paratu zidaten. Txertoa hartu, lauzpabortz galderei erantzun eta ordu erdiz esperoan jarrita egon behar izan nuen. Erresuma Batuan txertoa hartu zuten zenbaitengan erreakzioa txertoa paratu eta segituan antzeman zuten eta horregatik, txertatu ondorengo 30 minutuetan esperatzeko erraten dute. Nik ez nuen deus arrarorik sumatu.
«Zahar etxe batean ariko ez banintz ere, txertoa hartu izanen nuen»
Ez duzu zalantzarik izan txertoa hartzerakoan…
Batere ez. Zahar etxe batean ariko ez banintz, akaso ez nuke Pfizer etxearena hartu izanen, Kubako Soberana edo Sputnik izan zitezkeen, ez dakit, baina txertoa hartu hartu izanen nuen. Kasu honetan Pfizerrena hartzeko aukera izan dut eta ez dut ez zalantzarik ez beldurrik sentitu. Covid-19arekin akitu nahi badugu, hortik jo behar dugu.
Albo-ondoriorik edo erreakziorik izan duzue?
Ez. Batek besoa minduta ernatu zela erran zuen, baina aldi berean, beso horren gainean lo egin zuela aipatu zuen. Baina gainerakoan deus ere ez. Nik ere ez dut minik sumatzen, behatzekin txertoa eman zidaten puntua zanpatuta pixka bat, baina bertzela deus ez.
Bi dosi dira. Noiz hartuko duzu bigarrena?
Bai, hori da. Pfizerren kasuan bi dosi dira eta bigarrena urtarrilaren 19an hartuko dut.
Benetan babestuko duela uste duzu?
Nik baietz erranen nuke. Baina bakoitzaren defentsaren araberakoa ere bada, eta alde horretatik, ongi elikatuak eta zainduak bagaude, hau da, defentsa sendoak baditugu, hobe, babesa handiagoa izanen da.
«Zerbait sartu nahi badigute, edozein maneratan sartuko digute»
Txertoaren aurkako ahotsak ere badira. Aunitz izan dira Covid-19aren aurkako txertoaren arriskuaz ohartarazi izan duten medikuak eta osasun arloko profesionalak, eraginkortasuna frogatua ez dagoela adierazi dutenak, ez dela segurua, informazio gutti dagoela… Zein da zure iritzia?
Ni ez naiz inor hau edo hori errateko, baina bakoitzak bere iritzia du eta nik garbi nuen txertoa paratu nahi nuela. Horrez gain, aunitzetan izugarrizko asmakizunak erraten dituztela ere azpimarratuko nuke. Txertoarekin zerbait sartuko digutela pentsatzen dute aunitzek, baina kontuan izan behar dugu zerbait sartu nahi badigute bertze edozein maneratan sartuko digutela, jatekoarekin edo bertze edozein modutan. Gerta liteke krisi hau guztia esku beltzen batek mugitu izana, baina munduan hainbertze dira esku beltz bat izan dezaketen kontuak… Ezin dugu egun osoan halako pentsamenduekin ibili, sufrimendu hori alferrikakoa da.
Zein mezu zabalduko zenuke?
Jendeari animatzeko eta txertoa paratzeko erranen nioke, gure onerako izanen delako. Inork ez dezala beldurrik izan, beldurrak ez digu laguntzen.
Zerbait gaineratuko zenuke?
Tamalgarria da hain zahar etxe publiko guti izatea, gehiago behar genituzke. Konparazio batera, Elizondoko zahar etxea publiko bihurtzen badute, denon onerako izanen da.