Euskal presoen aldeko elkarretaratzeak ilbeltzaren 9an Elizondon eta Erratzun

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 30a, 13:00
Amaiurren presoen aldeko martxa egin zuten udan.

2021a «espetxe politikaren aldaketaren urtea izatea» eskatuko dute Elizondoko eta Erratzuko plazan 17:30ean.

200 herri eta auzo baino gehiagotan presoen aldeko mobilizazioak deitu ditu Sarek ilbeltzaren 9rako, bigarren larunbaterako. Eskualdeari dagokionez, Elizondoko eta Erratzuko plazan zehaztu dituzte hitzorduak, 17:30ean.

Elkarretaratzeetan urruntze politikarekin akitzea eta etxerako bidea ahalbidetzeko «beharrezkoa» den gradu progresioa ezartzea eskatuko dute. Sarek adierazi duenez, oraindik ez da urruntze politikarekin akitzeko hauturik egin eta «senide orokorrean eta bereziki haur eta nagusiengan duen eragin zigortzailea» baztertu nahi dute. Era berean, 107 presok lehenbiziko graduan segitzen dutela eta «eskubide ugari murrizten zaizkiela» nabarmendu nahi dute.

Hori guztia kontuan harturik, 2021a «espetxe politikaren aldaketaren urtea izatea» eskatzeko bilduko dira herri eta auzoetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun