Baztango Gazte Asanbladak antolatutako ‘Espetxea barrutik eta kanpotik’ tailerrean Arizkunenea kultur etxeko sabaia bete zen

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 29a, 16:00

Iker Araguas Iruñeako preso ohia, Xochitl Karasatorre preso baten senidea eta Mikel Mundiñano Sareko kidea izan ziren abenduaren 23ko arratsaldeko protagonistak. Saioa, berriz, Aintzane Ariztegik aurkeztu eta bideratu zuen. Ordu eta erdi iraun zuen jardunaldiak eta bertaratutakoek zituzten zalantzak erantzun zituzten. Era berean, Baztango Ernaik aurten etxean faltako diren preso eta iheslarien hutsunea agerian utzi zuen.

Hasteko, Iker Araguas kartzelaren barruko esperientziaz mintzatu zen, euskal preso politikoa izateagatik pairatu behar izan zituen tortura, dispertsio eta errepresioaren inguruko hainbat xehetasunen berri emanez.
 
Araguasekin batera Xochitl Karasatorrek ere dispertsio eta errepresioaz jardun zuen. Karasatorre, motxiladun ume gisa, Frantziako eta Espainiako estatuen arteko espetxe zigorren sinkronizazio ezaz eta honek presoaren zein haren familiaren gainean duen eraginaz eta eskubide urraketez aritu zen. 
 
Horretaz gain, Covid-19a prebenitzeko osasun-agintariek ezarri dituzten neurrien ondorioz presoek eta senide zein lagunek jasaten duten «egoera ankerraz» mintzatu zen. Karasatorreren kasuan erraterako, konfinamendua hasi zenetik uda arte ezin izan zuen aita bisitatu. Gainera, aita bisitatu ahal izan duten aukera guti horietan familia zein lagunek pairatu duten «kezka eta urduritasuna» adierazi zituen, egoeraren aitzinean espetxek hartu dituzten neurri eta baldintza «eskasak» direla salatuz. 
 
Karasatorre eta Araguasek Covid-19a baino lehen eta ondoren ere «euskal preso politiko eta senideek jasaten dituzten kalte fisiko eta psikologikoak» azpimarratu zituzten; erraterako: «familiak eta lagunek egin behar dituzten bidaiek suposatzen duten neke eta inpotentziaz, ondorio ekonomikoez eta kilometro luzeek dakarten arrisku eta biktimez». Hala ere, «presoarekiko maitasuna eta herriarengandik jasotzen duten babesa» nabarmendu zuten.
 
Tailerrari bukaera emateko azken mintzagaia estrategia aldaketa eta etorkizunaren planteamendura izan zen. Honen harirat Mikel Mundiñanok momentua hitza azpimarratu zuen; uneko errealitatea zein den adierazteaz gain, «momentuak zerbait mugitzen ari dela erakusten baitu». Adierazi zuenez «jendearen borondateak eraman du bide demokratikoetara eta herri honen bake iraunkor horretara abiatzeko gauden momentuko egoerara».
 
Hurrengo elkarretaratzeak
 
Bertzalde, hurrengo egunetan mobilizazioak eginen direla iragartzeko aprobetxatu zuten parada. Lehena abenduaren 31n, 12:00etan, Elizondoko plazan elkarretaratzea eginen da. Bigarrenari dagokionez, aurten Covid-19 a dela eta urte hasieran Bilbo eta Baionan egitekoak ziren manifestazioak herrietara bideratu dituzte. Baztanen, Euskal Herriko gainerako herri eta auzoetan bezala, urtarrilaren 9an 17:30ean, Elizondo eta Erratzun bilduko dira preso eta iheslarien etxeratze prozesu eta elkarbizitza eta bakearen alde. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun