Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Baztango Udalak Aroztegiko hotelaren baimena ofizioz berrikusteko erabakia hartu du

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 25a, 11:00

Palacio de Arozteguía hotelaren maketa

Atzo Baztango Udalbatzak egin zuen ezohiko osoko bilkuran Aroztegiko hotelaren proiektuari buruzko hainbat erebaki hartu zituen: alde batetik, hotelaren baimena ofizioz berrikusteko proposamena onartu zuen eta, bertzetik, Palacio de Arozteguía SL-k salatutako baztandarrei Baztango Udalaren elkartasuna adieraztea onartu zuen eta proiektua gelditzeko eskatu.

Palacio de Arozteguía SL-k hotela egiteko administrazioaren isiltasunaren bidez lortutako baimena berrikustea erabaki zuen Baztango udalbatzak. Akordio horren aldeko botoa eman zuten EH Bilduren eta Ezkerraren 8 zinegotziak, Geroa Bairen 2 zinegotziak abstenitu ziren bozketan eta Navarra Sumaren 3 zinegotziak kontrako botoa eman zuten.

Administrazioaren isiltasuna eta baimena

Hotelaren auzibidea aspalditik heldu den gaia da. Baztango Udalak prentsa-oharrean zehazten duenez, «2019ko ekainean, Vianako Printzea erakundeak eta udal-arkitektuak proiektuaren kontrako eginak zituzten txostenak kontuan hartuz, Baztango alkatetzak hotelaren obra baimena baliogabetzeko ebazpena egin zuen. Baimen hori administrazioaren isiltasunaren bidez erdietsi zuen Palacio de Arozteguía SL-k. Betiere, ebazpena auzitegian errekurritu zuen sustatzaileak. Horrela, aurten azaroaren 20an Palacio de Arozteguía-ri arrazoia eman zion epaileak, erranez alkatearen ebazpen bidez ezin zela baliogabetu baina, aldi berean, baieztatuz baimenak indarrean den legedia bete behar duela eta, baliogabetzeko prozedura, ofiziozko berrikusketa dela». 

Horiek horrela, «epaian errandakoari kasu eginez», Baztango Udalaren abenduko azken bilkuran EH Bilduk hotelaren baimena ofizioz berrikusteko proposamena aurkeztua zuen. 

Hotelak salatutakoei elkartasuna 

Bertzalde, atzoko ezohiko osoko bilkuraren bertze puntu batean, Palacio de Arozteguíak salatutako guztiei elkartasuna adieraztea erabaki zuen udalak, enpresaren jazarpen judiziala salatzea eta, azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzea lekaroztarren eta baztandarren erranari kasu egitea eta, ondorioz, Aroztegiko proiektua gelditzea. Erabakia EH Bilduren eta Ezkerraren aldeko 8 botoekin hartu zuen udalak. Geroa Bairen eta Navarra Sumaren 5 zinegotziek kontrako botoa eman zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun