Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Planak eta Hondakinen Foru legeak ezarritako helburuak lortzeko bidean da Baztango Udala

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 23a, 15:00

Baztango Udalak Hondakinen kudeaketa hobetzen segitzeko asmoz, hasiera batean bi urtetarako izanen zen Gai organikoaren kudeaketa plana aurkeztu zuen 2018an. Plan horrek bi urte bete dituenean, Baztango Udalak balantzea egiteko momentua iritsi dela uste du, egin dutenaren berri eman, lortutako emaitzak elkarbanatu eta, bide honetan, aitzinera segitzeko konpromisoa berretsi du.

Baztango Udalak aditzera eman duenez Gai organikoaren kudeaketa planean «hainbat lan ildo markatu ziren, guztiak gai organikoaren kudeaketa hobetzeko. Honetarako, hondakinak bereizita biltzeko bideak erraztu» nahi izan dituzte. Adierazi duenez, «Nafarroako Hondakinen Planak eta Hondakinen Foru Legeak markaturiko helburuak betetzea zen asmoa, eta gaur egun ere hala izaten segitzen du, hau baita Hondakin sailaren lan ildo nagusia». Oharrean zehaztu dutenez, «azken urte honetan ez ohiko jarrerak izan ditugu, baina, bi urte hauetan egindako lanaren balantzea positiboa izan dela erran dezakegu».

Hauek izan dira egindako aurrerapenak:

Hasiera batean, 2019an, «Gai organikoaren sortzaile bereiziekin egin zen lanketa. Sortzaile bereziak diogunean gai organikoa kopuru handietan sortzen duten establezimenduez ari gara, hala nola: jatetxe, ostatu, supermerkatu, zahar etxe, arraindegi, harategi, etab. Langile bat aritu zen Baztango sortzaile berezi guztiak bisitatu eta hauei gure planaren berri ematen, gai organikoa zein bertze hondakinen bereiztearen garrantzia aipatu zitzaien guztiei eta erraztasunak eta beharrezko materialak eman zitzaizkien beren establezimenduetan sorturiko hondakin organikoak ere bereizten hasteko konpromisoa eskatuz». Gaineratu duenez «hauetako gehienei, gaur egun, hondakin organikoak edukiontzi bidez biltzen zaizkie, bilketako kamioia astean hiru aldiz pasatzen delarik establezimendu hauetatik». Planaren baitan «hondakin anitz sortzen dituzten establezimenduetan bisitak egin eta akonpainamendua egiteaz gain, sustapeneko bideo bat egin zen, establezimendu hauek bereizteko pegatina batzuk banatu ziren».

2020an etxe eta auzo konposta sistema «indartzen ahalegindu» da Baztango udala.  Honetarako, «auzoetako konpostaguneak egokitu eta bertze hainbat konpostagune berri» egin dituzte. Ekonomia zirkularra bultzatzeko asmoarekin «edukiontzi birziklatuarekin egindako etxolak paratu dira». Instalazio berri hauei esker,  «zabor organikoa konposta bidez kudeatzeko aukera Baztango populazioaren %100era zabaltzea lortu da.  Momentuz, Azpilkueta da kanpoan gelditu den herri bakarra, zabalkuntza egin zenean saneamendu obrekin ari zirelako». Honetaz gain,  etxean beren zabor organikoa kudeatu nahi dutenek, «etxeko konpostagailuak Udaletxean doan eskatzeko aukera izaten segitzen dute eta hala izanen da etorkizunean ere». Hartara, «Nafarroako Hondakinen Foru Legeak 2022rako bete beharreko helburua betetzea lortu dugu, hain zuzen ere, gai organikoaren %100eko hedapena egitea».

Era berean, «Elizondoko eta Iruritako hainbat auzotako barrideei zabor organikoa edukiontzi marroiaren bidez kudeatzeko aukera eman zaie».

Azkenik, «errefusaren edukiontzietako tapak mugatzen hasiak gara. Errefusa edukiontzietan bildu beharko genituzkeen hondakinak arras guti izan beharko ziren eta, bide horretan, edukiontzien ahoa (tapakien neurria) mugatuz, bertan traste handiak botatzea saihesten dugu». Baztango Udaletik oroitarazi nahi izan dute «2018az geroztik zabortegira bideratzen dugun hondakin tona bakoitzeko penalizazio bat ordaintzen ari garela eta honek errefusaren kantitatea murriztearen garrantzia gehiago indartzen du».

Emandako pausu guzti hauek bere ondorioak izan dituztela gaineratu dute eta «oraindik lan anitz egiteko badugu ere, bide onetik goazela erraten ahal dugu emaitzei begiratzen badiegu».

Nafarroako Gobernuak urtero argitaratzen dituen datuen arabera, azken datuek erakusten dute Baztango Udala bide onetik doala.

  • 2019an Baztango etxeetako eta komertzioetako hondakinen %49a bereizita bildu zen. Gainera, berrerabiltzeko prestatu eta birziklaturiko portzentajea %65,8koa izan zen. Honen arabera, 2020rako planteaturiko helburuak bete dituzte; 2020ko helburua %50ekoa da.
  • Zabor organikoari dagokionez, helburua betetzetik hurbil badaude ere, oraindik ez dute lortu, 2019an Baztango bio-hondakinen %45 balioztatzea lortu zuten. Legeak eskatzen duena %50 da.

 

Hurrengo urterako erronkak eta planak

Baztango Udalak «bide onetik goazela» adierazi du eta lorpen hau posible egin duten baztandar guztiak zoriondu eta eskertu nahi izan dituzte. Hala ere, ohartarazi nahi izan dute «ezin dela emaitza horiekin konformatu. 2027rako helburu handiagoak ditugu bistan eta horietan pentsatuz segitu behar dugu gure bidea eta eguneroko lana». Heldu den urtera begirako planteamenduak «egunean egunekoa iragarriko baditugu ere, honako asmoak» dituztela plazaratu dute: 

  • Gai organikoaren bilketaren zabaltzea.
  • Auzo konpostagunea jartzea Azpilkuetako herrian.
  • Errefusa edukiontzietako tapakien neurriak ttipitzea. 
  • Etxe eta auzo konpostaren segimenduaren jarraipena.

Azkenik, helburu guzti hauek lortzeko herritarren «parte hartzea, laguntza eta ulermena» beharko dituztela aitortu dute.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun