Elizondoko Recreo Musika Bandak Eguberrietako emanaldi ederra eskaini du

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 22a, 16:00
Recreo Bandako kideek 25. urteurreneko urte berezia izan behar zuena, modu berezian agurtu zuten. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Igande eguerdian Elizondoko plazan egin zuen 25. urteurreneko urtea akitzeko ekitaldia

Elizondoko Recreo Musika Bandak Eguberrietako kontzertua eman zuen igande eguerdian Elizondoko Foruen Plazan. Ez ohiko urtea izaki, ez ohiko kontzertua izan zen, bandako musikariak plazaren erdian, zutik eta covid-19aren ondorioz elkarrenganako distantzia mantenduz aritu ziren beren doinuekin bertaratutakoak alaitzen.

Eguraldi ederra lagun, karrikan bildutako jendeak ederki gozatu zuen Recreo Musika Bandaren emanaldi ederrarekin. Honenbertzez, ez ohiko kontzertu batekin agurtu du urtea bandak; berez ospakizunez beteriko urtea behar zuen, izan ere, 25 urte bete dira aurten Recreo Musika Bandak segidan emanaldiak eskaintzen dituenetik, eta hainbat ekitaldi berezi aurreikusiak zituen arren, pandemiaren eraginez ezin izan ditu garatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun