Osasunaren eta elikadura eskubidearen aldeko kanpaina abiatuko du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 10a, 14:00

Joseba Otondo eta Laura Andresena, osasunaren eta elikadura eskubidearen aldeko kanpainan.

Baztango Udalak parte hartzen duen Agroekologiaren Aldeko Hirien Sareak Osasuna eta Elikadura Eskubidea ekimena abiaraziko du gaur, abenduaren 10ean, giza eskubideen egunean hain zuzen. Izan ere, giza eskubideen adierazpen unibertsalak bizi mailari, ongizateari, osasunari eta elikadurari aipamena egiten baitio. Joseba Otondo Baztango alkateak eta Laura Andresena, Gizarte Zerbitzuetako teknikariak aurkeztu duten kanpaina honen helburua da gure buruak elikatzeko dugun modua hobetzea,  elikadura iraunkor eta osasuntsuaren eskubidearen alde egitea.

Alderdi hauek bereziki landu nahi ditu kanpaina honek:

- Informazioa ematea bai dieta egokiagoez, bai elikagai osasungarriagoak eta jasangarriagoak eskuratzeko moduaz, betiere agroekologian oinarritutako eta tokiko nekazaritza-elikagaien sistemetatik datozenak. 

- Elikaduraren eta natura babestearen, klima-aldaketaren, COVID-19aren… artean dagoen lotura ezagutzen laguntzea.

- Elikadurak jendearen eta planetaren osasunean duen garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. 

- Elikadura arloko ohitura osasungarri eta jasangarriak sustatzea eta, horrela, gure osasuna eta ingurunearekin dugun harremana hobetzea. 

 

Eskuorria etxe guztietarat

Horretarako kanpainako lehendabiziko fasean etxe guztietarat ailegatuko den eskuorria banatuko du Baztango Udalak. Aldi berean osasun-etxe, ikastetxe eta elikagaien saltokietan paratzeko afitxak argitaratu ditu: Elikadura osasungarria eta jasangarria mundu guztiarentzat aldarriarekin. Lehendabiziko bulkaldi honen ondotik bertze ekimen komunikatiboak etorriko dira, Agroekologiaren Aldeko Hiren Sarearekin koordinaturik.

Aipagarria da osasuna eta elikadura eskubidea kanpaina baliatuz udaleko hainbat arloren arteko lan-taldea osatu dela, elikadura gaiak zeharkakotasunez lantzeko eta horren gainean politika publiko iraunkorra osatzeko. Horrela oinarrizko gizarte zerbitzuak, tokiko garapen agentea, hondakinetako eta kiroleko teknikaria biltzen dituen topagunea sortu da, Zer Jan Halako Baztan dinamikari gehitzen zaiona. 

Ildo horretan, eta kanpainaren arrimuan elikagai bankuko erabiltzaileen artean inkesta egiten ari da udala, elikadura ohiturak aztertzeko eta elikagai bankuko jatekoen kalitatea neurtzeko. Aldi berean Baztango eskola guztietarat bertze inkesta igorri da elikadura ohiturak nola lantzen dituzten jakiteko; izan ere, etengabe ari baitira ugaritzen elikadura txarrarekin, ariketa fisikorik ezarekin, inguru osasungaitzarekin eta naturaren hondamenarekin lotutako gaixotasun kronikoak. Gaur egun, eta COVID-19aren krisiak areagoturik, gero eta jende gehiagok dauzka zailtasunak elikadura osasungarria eta jasangarria eskuratzeko.  

 

Fruta eta barazki gutti, koipe eta azukre gehiegi

Diru gutxi irabaztearen ondorioz, fruta eta barazki gutxi jaten da, eta koipe eta azukre gehiegi hartzen dira. Halaber, elikadura-ohituretan, gainerako jendeak baino elikagai kalorikoagoak eta asegarriagoak hartzeko joera izaten dute. Gainera, ziurtasun osoz dakigu elikatzeko dugun moldeak kalte larriak eragiten dituela gure toki ingurunean, landa-ingurunean, biodibertsitatean eta planeta osoan.  

Agroekologiaren Aldeko Hirien Sareak tokiko elikadura-sistemak eraiki nahi ditu ingurumenarekin bat, inklusiboak, erresilienteak, seguruak eta askotarikoak, biztanleria osoari janari osasungarria, jasangarria eta irisgarria ziurtatzeko, tokiko enplegua bultzatuta. Baztango Udala burubelarri sartu da kanpaina horretan eta ondoko hilabeteetan laneko ildo nagusietakoa izanen du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun