Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Feministak abenduaren 12an Baztanen streaming bidez

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 10a, 19:00
Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Feministak eginiko prentsaurrekoa.

Aurten Oreretan egitekoa zen ekimen nazionala, baina, Covid-19a dela eta ezarritako muga perimetralen ondorioz, ezin izan dute hasierako planteamendua mantendu. Honen ordez, Bilgune Feministak antolatuta dauden herrietan Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Feministak streaming bidez eginen dira, tartean, Baztanen.

Abenduaren 12 goizera mugatuko dute egitaraua eta Oreretan egin beharrean, mahai ingurua Zuhatzun (Donostia) grabatuko dute. Egitaraua streaming bidez jarraitzeko herrialdeka guneak paratuko dituzte eta, ondotik, eztabaidarako eta ekitaldia jasotzeko tartea izanen dute: Iruñerria, Baztan, Durango, Bilbo Handia, Gasteiz, Donostia, Orereta eta Zumaian. 

Ana Murciak, Pastora Filingranak, Iratxe Retolazak eta Amaia Zufiak harreman kolonialen ertzak aztertuko dituzte mahai-inguruan. Garbi Elizegik, Onintza Odriozolak, Aiora Epeldek, Txefi Rocok eta Agurne Gaubekak, berriz, begirada ezberdinak jasoko dituzte.

Edizio honetan ezin izanen dira tailerrak egin, baina aitzinerago proposatutako gaiekin guneak sortzen segitzeko asmoa dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun