Elizondoko herriak batzarra eginen du heldu diren bi urteetarako Herriko Etxerako hautagaitzarik ote den sumatzeko

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 9a, 13:00

Abenduaren 20an 12:00etan dute hitzordua eta hamabi urtez aritu den lantaldeak kargua uzteko borondatea erakutsi du. Herriko Etxeko 2019-2020 biurtekoa akitzera doa, eta taldeak ez segitzea erabaki du. Duela hamabi urte hasitako ibilbideari akabaila emanen dio «berrituz eta osatuz» joan den talde honek, eta «aldi baten bukaera izanen da».

Aditzera eman dutenez «topikoa baina egia da, hartzen diren erabakiak edo moduak denen gustukoak ez direla izaten», eta aitortu dute «segur zenbaitetan ez dugula asmatzen jakin». baina hau onartuta ere «gure balantze baikorra» helarazi nahi izan dute. Beraien hitzetan «baikorra baita Herriko Etxeari eustea, eta baikorra herrian sortutako parte hartzea eta egindako lanaren tamaina».

Parte hartzea

Deialdi hau «Herriko Etxeko taldetik urte hauetan pasatu diren Alazne Sansiñena, Mikel Sobrino, Xabier Torres, Enara Mitxeltorena, Karmentxu Elizegi, Josune Bertiz, Imanol Arretxea, Garra Laurnagarai, Iban Larretxea, Uxoa Garmendia, Ramontxo Garmendia, Naxara Meoki, Karlos Peña, Joxean Etxeberria, Mikel Ortega, Iñaki Atxa, Andres Barberena, Alex Aleman, Kepa Lazaro, Eneko Eskudero, Juan Mari Maia, Juan Luis Elizegi, Iker Frias eta Javier Arregiri eskerrak emateko» baliatu nahi dute. Gainera, «parte hartzaileen kopurua biderkatu egiten da besta komisioan, iñaute aroan, hilerriko komisioan, ferietarako edo puntualki sortu diren komisioetan eta herriaren bueltan parte hartzen duten guztiei aitortza bat egin nahi diegu».

Egindako lana

Herriko Etxeko urteroko lanak «besten antolaketa artikulatzea, feriak, iñaute aroa, hilerriko aferak, etxesariaren kobrantza eta baliabide ekonomikoen kudeaketa» dira. Bertzalde, «herriko beharrak identifikatu eta bideratzea eta sortzen diren gatazkei norabidea ematea» beraien zereginen barnean sartzen dira. Beraien iritziz «urte hauetan oinarrizko eginkizunetik haratago joan gara. Instituzio zahar baztandar hau XXI. mendean kokatu dugulakoan gaude, kontuen aldetik saneatu eta kudeaketa sistematizatua dago orain. Zenbait azpiegitura ere bultzatu ditugu urte hauetan, Herriko Etxea bera, Iriarte Pilotalekuko zapela edo Ermitegiko landaketa dira nagusiak, baina, gehiago ere badira».

Aldi baten bukaera, hurrengoaren hasiera?

Herriko Etxeko urteroko zereginekin segitzeko «Elizondok eskualdaketa behar» duela adierazi dute. Elizondok «Batzar Nagusian ordezkaritza edukitzeko Herriko alkatea eta kargudun taldea behar du». Aditzera eman dutenez, «hain baliotsua dugun tresna administratibo zaharberritu honek bere herritarren inplikazioa behar du». Beraien aldetik «prest gaude laguntzeko eta transmisioa patxadaz gauzatzeko».

Azkenik, «abenduaren 20an, igandez, Elizondoko herriak batzarra eginen du heldu diren bi urteetarako hautagaitzarik ote den sumatzeko» eta bertan parte hartzera animatzen dituzte herritarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun