Maitane Maritorenaren liburuan heldu den guztia laburki azaltzea ezinezkoa zenez, Anizko erranairu xaharrean heldu diren hamaika etxeen kontuko informazioa eman zuen. Izan ere, XVI. mendetik honat bai baitugu erranairuak erreferentzia egiten dion hamaika etxe horien berri. XVI. mendetik hasita gaur egunera artio zutik dauden etxe horien gaineko informazioa, etxe izenak, larraina, galeria, labea, armarriak, etxeen egitura... horiek denak azaldu zizkien liburuaren egileak herritarrei.
Aurkezpenarekin akitzeko, Itxaro Bordak aste honetan aurkeztu duen Abaro poesia liburuan heldu den poesiaren eskertza baliatu zuen. Izan ere, Itxaro Bordaren liburuan Anizko frontoian ondutako sail bat bada eta bertan aniztarrei eskaintzen die bere poema. Bordaren eskaintzarekin akitu zuen Maitane Maritorenak bere aurkezpena frontoian hotza bazkatzen egon ziren guztiei eskerrak emateko.
Horren ondotik, iazko asteburu kulturala gogoan, iazko kultur ekitaldien argazki emanaldia izan zen. Dena akitu zela uste zelarik, ustekabe eta erregalu polita egin zion Anizko herriak Maitaneri. Maialen Lujanbioren ahotsean Maitaneri eskainitako bertso sail eder bat aditzeko aukera izan zuten, eta bertsoak bertaratutakoen artean banatu ziren. Maitaneri alkateak, Ainhoak, eman zion bertsoaren idazkia Anizko herriaren esker ona adierazteko.