Elizondoko sarrerako zubia eta Lekarozko herritik hilerrirako pasabidea egiteko proposamena bideratzea aho batez onartu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 7a, 16:00

Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari Elizondoko saihesbidetik herrigunerat sartzeko zubia eta Lekarozko herrian oinezkoendako pasabidea egitea eskatu dio

2012an Elizondoko saihesbidea ireki zen. Saihesbidearen proiektuak bigarren fasean Elizondoko herrigunerat sartzeko Baztan Berri auzoan barna zubia egitea aurreikusi zuten, horrela, Braulio Iriarte karrika estutik beharrean Santiago karrikako errepide zabalagotik sartzeko. Alta, Baztango Udalak aditzera eman duenez, «urteak joan urteak etorri, zubiaren proiekturik ez dago eta behin-behinekoa behar zuen egoera luzatzen ari da». Bitartean «Braulio Iriarteko sarrerak segitzen du, Elizondoko auzorik populatuenetik eta erdipurdika urbanizatutakotik ibilgailuak pasaraziz» eta «Opokako zubiarekin gurutzatzen den tokian arriskua eraginez». Gainera, «behin baino gehiagotan, zama handiko ibilgailuak, bide-seinaleetan iragarritako debekuari kasurik egin gabe aipatutako karrika estutik sartu izan dira arazo eta arrisku biziak sortuz».

Bertzalde, «Irurita-Elizondo saihesbidean ere, Lekarozeko herriak hilerrirat joateko oinezkoen zubia eskatu» izan duela gogorarazi du udalak. Honen aitzinean, «saihesbideak ordura artioko bidea tarratatzen duela ikusirik eta errepidea gurutzatzeko dagoen arriskua kontuan harturik Lekarozko herriaren eskaera guztiz bidezkoa» dela adierazi du.

Azkenik Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari «Elizondoko saihesbidetik Baztan Berrin barna herrigunerat sartzeko zubia eta Lekarozko herriak eskatu izan duen oinezkoendako pasabidea» egitea eskatu dio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun