Nekazaritzako lurrak eta ondasunak babesteko proposamena bideratzea onartu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 7a, 12:00

Baztango EH Bilduk «Baztanen, azken aldian, baserri eta bizi-bordak erosteko bulkada azkarra ezagutzen» ari direla adierazi du eta «kasu gehienetan bigarren bizitegia izateko helburuarekin egiten dira erosketak». Gaineratu duenez, «erosleek duten ahalmen ekonomikoarengatik merkatuaren kariotzea gertatzen ari da».

Egoera honen aitzinean, Baztango EH Bilduk «nekazaritzarako bokazioa duten baserri eta bizi-borden izaera ekonomiko-produktiboa lehenestea garrantzitsua» dela aldarrikatu du, eta horretarako «merkatuaren logikari mugak paratzea beharrezkoa» dela gaineratu du. Bertzela, «merkatuaren irabazi nahien arabera antolatutako espazio sozialek, hasierako ingurune horien desegituraketa eta desagerpena» ekarriko baitute.

Hari horretatik, «Frantziako estatuan Nekazaritza Zuzentzeko legea onartu zen eta horren gerizan lurrak antolatzeko eta landagunean kokatzeko helburuarekin SAFER egiturak sortu ziren. SAFER egiturek nekazaritzako lurren merkatuan esku hartzen dute, eta ondasunak bi modutara eskuratzen dituzte: adostatuko erosketaren bidez edo legeak finkatutako eroslehentasun eskubidearen bidez». Modu horretan, «SAFER egiturek eskuratutako nekazaritza eta landa-eremuko ondasunak eragile publiko edo pribatuei ematen zaizkie, lurraldearen antolaketa iraunkorrarekin zer ikusia duten proiektuak egiteko».

Horrela, Baztango EH Bilduk aditzera eman duenez, «SAFER egiturek nekazaritzako ondasun eta lurretan egiten dituzten esku hartzeak nekazari gazteen instalazioan lagungarriak dira».

Azkenik, Joseba Otondok, Baztango Udalaren izenean, Nafarroako Gobernuari «nekazaritzako ondasun eta lurrak babesteko egitura publiko bat sortzea eta horiek nekazaritzara bideratzea» eskatu du. Modu horretan, «landa-eremuan gertatzen ari den higienezinen eta lurren merkatua mugatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun