Elizondoko zaharren egoitzako langileek «patronatu berri bat» nahi dute

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 2a, 19:00

Langileen Batzordeak bidalitako ohar baten bitartez Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zaharren egoitzako langileek jasaten dituzten gabeziak salatu dituzte berriz ere.

Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zaharren egoitzako langileek «anitzetan zahar etxea kudeatzen duen IDEA enpresaren gabeziak eta gaizki eginak salatu» dituztela azaldu dute oharrean. Langileek gaineratu dute «patronatuaren gabezia eta gaizki egindakoen salaketa publiko bat» egiteko garaia dela adierazi dute. «Hamaika aldiz izan du zahar etxeko patronatoak egoitzaren barnean gertatzen denaren berri eta badakigu familiar batzuen kexak ere ailegatu izan direla», argitu dute.

Diotenez, «gutun publiko hau da «gaur egun sentitzen dugun inpotentzia eta frustrazioaren ondorioa». Aditzera eman dutenez «patronatuari aurkeztu zaizkion kezken eta kexen inguruan hartu dugun erantzunaren ondorio da salaketa hau». Badakite «salaketa publiko egitean, erantzunen digutela komun pare bat berritu zirela, teilatu puska bat ere bai, ditxosozko obra heldu dela edo maiz entzun behar izan dugun bezala, gure kexen hartzailea, zuzenean, IDEA enpresa behar duela izan». Baina, bien bitartean «zahar etxeko arazoak konpondu gabe» jarraitzen dutela salatu dute «adinekoak zaintza duin bat hartu gabe, eta langileak lan baldintza duinik gabe».

Era berean, «patronatuaren funtzioa, motzean errana, egoitzaren gaineko kudeaketaren ardura da. Patronatuaren ardura da zahar etxea, eta zahar etxea bertan bizi diren adinekoak, egoitzak berak eta bertako langileek osatzen dute».

Oharrean adierazi dutenez «2009an kudeaketa publikoa esku pribatuetara pasatu zen, IDEA enpresaren eskuetara, hain zuzen», eta hortik aitzinera egoera «okerrera egin duela» kritikatu dute. Langileek salatu duenez «praktikan dirua irabaztea da IDEAren lehendabiziko helburua eta bakarra». Bat aipatze aldera «2013-2017 epeari dagozkion 120 mila euro inguru zor dizkio IDEAk Baztaneko Udalari. IDEAk ez du zahar etxean ezarri aldarrikatzen zuen zaintza eredurik. IDEAk aitzakiak jartzen ditu bata bertzearen gibeletik langileekin lan hitzarmena negoziatzen ez hasteko. IDEA ez da kapaz etxea berrantolatzeko, ez duelako ezagutzen, gezurra badirudi ere».

Azkenik, Covid-19aren testuinguruan «IDEA kexu dabil diru galerak izaten ari omen delako. Badirudi lazki kolpatu gaituen Covid-19aren biktima nagusia dugula gure zapaltzailea». Aitzineko guztia kontuan izanik «patronatu berri baten bila goaz» aldarria egin dute Elizondoko zahar etxeko langileen batzordetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun