Saharako herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea eginen dute larunbatean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 2a, 14:00
Otsailaren 27an Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa Aldarrikatzeko Egunean elkarretaratzea egin zuen Saharaztanek Elizondoko plazan.

Sahara, zuekin gaude lelopean Elizondoko plazan eginen dute elkarretaratzea, 12:30ean. Hainbat elkartek, tartean Saharaztan Baztan Bidasoko Saharar Herriaren aldeko elkartasun taldeak, deitu du elkarretaratzea.

Fronte Polisarioak azaroaren 14an hautsitzat jo zuen Marokorekin 1991n sinatu zuen su-etena, eta, hortaz, gerra egoera ezartzea erabaki zuen. Baina bezperan, Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko tentsio militarra areagotu zen, Marokok Rabat herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen Guergueratera militarrak bidali zituenean, sahararren protesta bat desegiteko. Saharaztanetik Marokori leporatu diote su-etena hautsi izana. Hala, alde batetik, «komunikabideen isiltasun informatiboa salatzeko» eta bertzetik, «Saharako herriari elkartasuna adierazteko» larunbatean Elizondoko elkarretaratzera joateko deia egin dute: «Ahotsik gabekoen ahotsa izanen gara. Sahara, zuekin gaude!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun