Diru-transferentziak erabakitzerakoan, Baztanek duen «izaera bereziki konplexua» kontuan hartzea eskatu dio udalak Nafarroako Parlamentuari

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 29a, 09:30
Transferentzia arruntak banatzerakoan, Baztanek duen eremu zabala (375 km2) kontuan hartzeko eskatu dio Udalak Parlamentuari.
Eskaera zehatza egin dio Baztango udalak Nafarroako Parlamentuari: «Baztango izaera bereziki konplexua kontuan har dezala eta dagokion trataera ekonomikoa eman diezaiola, dela transferentzia arrunten funtsaren bidez, dela aipatu helbururako adosten den bertzelako neurriren baten bidez». EH Bilduk eraman zuen proposamena ortzeguneko osoko bilkurara eta, ahobatez, gainerako talde guztiek bat egin zuten eskaerarekin.
Nafarroako udalen finantziazio-iturri nagusietakoa transferentzia arrunten funtsa izaten da, urtero Nafarroako Gobernuak Foru Lege batean arautzen duena. Modu horretan Nafarroako udalek herrialdeko ogasun publikoak jasotako tributuen zati bat eskuratzen dute, legez dituzten funtzioak bete ahal izateko.
 

FORMULA: Transferentzia arrunten banaketa egiteko, alde batetik udalen beharrak kalkulatzen dira, bertzetik udalen ahalmen fiskala eta, azkenik, biak gurutzatu emaitza erdiesteko.

Baztango udal agintariak jabetzen dira «Nafarroako aniztasuna kontuan hartuko duen lege eta formula borobila finkatzea seguru aski ezinezkoa dela, eta, hain segur, udal guztiek arranguraren bat» izanen dutela.

Alta, Baztango Udalaren uste sendoa da transferentzia arrunten funtsak ez duela Baztango konplexutasuna kontuan hartzen, eta, ondorioz, bailarak dituen beharren araberako diru-ekarpena egiten. 

Baztan da Nafarroako udalerririk handiena lur-hedaduraz (375 km2 ditu). Gainera, lurralde antolaketa konplexua du, hamabortz herri nagusiez gain, hogeita bi auzo eta ehunka baserri han-hemenka eremu aski zabalean. Horrek guztiak, oinarrizko zerbitzu publikoak eman ahal izateko giza-baliabide eta baliabide-material handiak eskatzen ditu, eta horretarako finantziazio aski.

DATUAK: Bide eta pistetan, Baztango Udalak bere ardurapeko 1.200 kilometro ditu, 75 baserrik oraino ez dute behar den bezalako biderik, 15 eskola eraikin ditu, 27 ur-biltegi, 5 mediku kontsultategi, hamazazpi frontoi, kiroldegia… 

Egoera eta datuak diren bezalakoak izanik, Baztango udal agintariek azpimarratu nahi dute «XXI. mendea aitzinerat egiten ari den honetan, Baztanen oraino XX. mendeko gabeziak daudela eta neketan ari dela aldi berrirat egokitzeko ahaleginean; herritar aunitzen guttienekoak oraino ezin aserik baitabil, horregatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun