Elizondoko zahar etxeko langileen aldeko mozioa onartu du Baztango Udalak ahobatez

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 27a, 12:00
Udal batzarrera sartu baino lehen elkarretaratzea egin zuten zahar etxeko langileek.

Balleko Etxeak Francisco Joaquin Iriarte zahar etxeko langileen esfortzua, dedikazioa eta inplikazioa aitortzeaz gain, lan hitzarmena gaurkotzera premiatuko du Patronatua

Zahar etxeko langileek aurkeztutako mozioa ahobatez onartu zuen azaroaren 26ko osoko bilkuran Baztango Udalak. Egoitzako langileek adierazi zutenez, «Covid-19aren bigarren agerraldiaren bueltan ezohiko egoeran gabiltza, martxoan izan zen bezala  orain ere bai».

2020ko ekainaren 1ean IDEAko burua den Rafael Sanchez Ostizek, Mª Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariarekin eta LARESko ordezkaria den Eduardo Mateorekin eskainitako prentsaurrekoan, «eska daitekeenaren gainetik, ezohiko egoera honetan artatutako pertsonei ahalik eta bizi-kalitate onena emateko» langileen dedikazioa eta ahalegin pertsonala azpimarratu zituen.

Langileek eskatutakoarekin bat eginez, Balleko Etxea publikoki onartu du «zahar etxeko langileen esfortzua, dedikazioa eta inplikazioa». Langileen ustez, «gaur den egunean, horrelako aitortzak, eman diren kasu murritzetan gutiengo batzuen aldetik, eremu pribatuan eman dira Baztanen eta behin ere ez eremu publikoan».

Zahar Etxeko langileek pankarta erakutsi zuten udal batzarrean.

 

Zahar etxeko Langileen Batzordearen idatziaren arabera, «jakina da adinekoen zaintzan lan egiten duten pertsonen lan baldintza egokiak, ezinbertzeko zutabea direla, zaintza hori behar bezala gauzatu dadin ziurtatzeko. Jakina da ere hemen ordezkatuak dauden talde politikoak Patronatoko kideak direla».

Beraz langileek udal batzarrari eskatu zioten «idatziz premiatu dezala Patronatoa, honek eska diezaion enpresari langileekin lan hitzarmenaren kontsentsu batera ahalik eta azkarren ailegatu dadin. Modu horretaz gaurkotu dezaten 2018tik eguneratu gabe dagoen lan hitzarmena, langileen lan baldintza egokiak denboran ziurtatu dezakeen araua dena».

Era berean, IDEA zahar etxeko enpresa kudeatzaileari, «fidelki eta aitzakiarik gabe bete ditzan erakunde horrekin, Patronatoarekin, eta baztandar guztiekin hartuta dituen konpromiso ekonomiko eta sozialak» eskatuko dio Baztango udalak, langileekin bat eginez. Izan ere, langileen ustez, «konpromiso horiek ez betetzea ez baita berria. Adibide garbia dugu IDEAk, aldebakartasunez, langileon balditzetan hobekuntzak suposatzen ahal zuen akordio markora ez aurkeztea erabaki izana. Edo adinekoen zaintzan, pertsonal faltagatik, lan bat edo bertze lehenestea behartzea langileak».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun