Azaroak 25

Genero Indarkeriaren Aurkako Egunean «'normaltasun' heteropatriarkalaren aurrean kaleak hartuko ditugu!» aldarrikatu dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 26a, 11:00

«Oraindik ere milaka emakume indarkeria matxistaren biktima» direla salatu zuten Elizondon azaroaren 25ean egin zuten elkarretaratzean eta horrekin batera, «ondorio larrienetara» ailegatu gabe, «egunerokotasunean ia oharkabe pasatzen diren eta normaltasunez ikusten diren hainbat aztarna» badirela ohartarazi zuten. Horregatik «aski dela ozen» erran zuten, eta argi adierazi zuten: «hau ez dela soilik emakumezkoen ardura, gizartea osatzen dugun guztion ardura da eta gizonezkoak ere egoera honen erantzule dira». Gainera «Borrokan tinko, sareak sendotu eta zabaltzeko momentuan daude, eta guk dagoeneko sarearen mutur bati heldu diogu!» aldarria plazaratu zuten.

Egun osoko aldarrikapen ekintzak antolatu zituzten Elizondon. Eguerdian, 12:00etan, elkarretaratzea eginen zuten Elizondoko Foruen Plazan. Arratsaldean, berriz, Sareak osatu, biolentzia matxista akatu! lelopean Baztango Talde Feministak bizikleta martxa antolatu zuten. Ibilbidea Aniztik Elizondorat eta Erratzutik Elizondorat egin zuten eta ondotik Elizondoko herriari itzulia emanen zuten. Bizikleta martxa borobiltzeko Foruen plazan irakurketa egin zuten eta Olaia Intziarteren ahots goxoarekin bukatu zuten eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun